AZKOITIA: Intsausti Jauregia, Julio Urkijo etorbidea 25 (20720) tel. 943 85 11 00 | AZPEITIA: Sindikatu Zaharra, Enparan kalea 1 - 3 (20730) Tel. 943 02 60 69  | info@iraurgiberritzen.eus

"Zertarako landu interoperabilitatea industrian?"

Joan zen Azaroak 12, asteartean, "Digitalizazioa enpresan: Zertarako landu interoperabilitatea industrian?" izenburupean, "Integrazio Horizontala" eta "Interoperabilitatea" hizpide izan zituen jardunaldia ospatu zen Basazabal jauregian.

Jardunaldia, Iraurgi Berritzenek, Gaia -Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkartea- klusterrarekin elkarlanean landu duen "DigiTek" proiektuaren baitan kokatzen da -Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundua izan dena-. Azken hilabeteetan, eskualdeko makina erreminta sektorean kokatzen diren enpresen digitalizazio eta interoperabilitate gaitasunak aztertzea izan du helburu proiektuak.

Ekitaldia, 2 atal nagusitan egituratu zen. Lehen atalean, "Integrazio Horizontala" edo "Interoperabilitatea" moduko kontzeptuak lantzeaz gain, egun Gipuzkoako Foru Ogasunak indarrean duen "Berehalako Informazio Hornidura" (BIH) zerga betebeharraren xehetasunak aurkeztu ziren. Tomas Iriondo, Gaia-ko zuzendaria arduratu zen egun industrian digitalizazioak eta zehazki interoperabilitateak duen garrantzia aurkezteaz. Berehalako Informazio Hornidura (BIH) aurkezteaz, berriz, Arantxa Ariztondo Gipuzkoako Foru Aldundiko "Zeharkako Zergak eta Ingurumen Tributuak Kudeatzeko Zerbitzua"-ko teknikaria arduratu zen. Era berean, lehen atal honi amaiera emateko, Iosu Sorazu eta Jesus Ferreira, Iraurgi Berritzen eta Gaiako teknikariak, DigiTek proiektuaren baitan garatu den diagnostikoaren ondorio nagusiak aurkezteaz arduratu ziren.

Behin eskualdean garatu den azterketaren ondorio nagusiak aurkeztuta, egun interoperabilitatearen arloan abian diren bi esperientzi praktiko aurkeztu ziren. Batetik, Iñaki Arretxeak, Adunan kokatzen den "Seicar" (Arekson Group) enpresak azken hilabeteetan garatu duen proiektua aurkeztu zuen. Bestetik, berriz, Eneida Odriozolak, eskualdeko "Aitek Automation"eta "Juaristi Boring & MIlling Machines" enpresen artean, bezero eta hornitzaileen arteko integrazio horizontala nola landu den aurkeztu zuen.

Ekitaldia, Begoña Beobide, Iraurgi Berritzeneko zuzendariak, erakundeak eskualdeko industriaren digitalizazioarekin duen konpromezua berretsiz itxi zen. Datozen hilabeteetan, Garapen eta Berrikuntza agentziak, digitalizazio arloan ekintza gehiago burutzea aurreikusten du.

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onartzen dut