AZKOITIA: Intsausti Jauregia, Julio Urkijo etorbidea 25 (20720) tel. 943 85 11 00 | AZPEITIA: Sindikatu Zaharra, Enparan kalea 1 - 3 (20730) Tel. 943 02 60 69  | info@iraurgiberritzen.eus

Osteguna, 24 Azaroa 2022 13:03

IB Sarearen XX.Topaketetan, Urola Erdiko hausnarketa hizpide

Lankidetzazko Gobernantzan oinarrituta, Elkarrekin Urola Erdia Eraldatzen 2022-2027 hausnarketa prozesuak sektore ezberdinetako hainbat eragile bildu ditu azken hilabeteetan.

IB Sarearen XX. Topaketak ospatu dira gaur, azaroak 24, Loiolako Gogartetxean (Azpeitia). Bertan parte hartu dute azken hilabeteetan, Iraurgi Berritzen Garapen eta Berrikuntza Agentziak bultzatuta, eskualdea erakargarri bihurtzeko helburuz landu den hausnarketa estrategikoaren protagonista nagusiek, hau da, eskualdeko sozioekonomia alorreko eragile ezberdinek: enpresa, ekintzaile, ikastetxe, merkataritza elkarte, enplegu, turismo eta udaletako ordezkariek. Udalei dagokienez, gaurkoan Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Errezil, Beizama eta Aizarnazabalgo alkateak bertaratu dira gaurko ekitaldira.

Lanketa kolektibo honen emaitza izan da, hain zuzen ere, Elkarrekin Urola Erdia Eraldatzen 2022-2027 plan estrategikoa. Aurtengo Topaketen helburua, plan estrategikoa bera eta horren hedapen proposamena aurkeztea da.

Guztira, 117 lagun eta 76 eragile inguruk parte hartu dute prozesuan. Lan dinamika ezberdinen bidez, datozen bost urteetarako 6 helburu estrategiko eta horiek lortzeko ekintza guztiak 19 lan lerrotan bildu dira. Txosten osoa ikusgai ondorengo estekan.

2022-2027 urteetarako ezarri diren 6 helburu estrategikoak honako hauek dira:

  1. Eskualde egitura-izaera landu eta eragileen arteko lankidetza indartu.
  2. Azpiegituren sistema indartu.
  3. Jarduera ekonomikoa babestu, sortu eta eraberritu.
  4. Eskualdeko hezkuntza-prestakuntza sistema indartu.
  5. Trantsizio ekologikoa bultzatu.
  6. Enplegu duin eta kalitatezkoaren oinarriak sendotzen jarraitu.

Helburu estrategiko hauei erantzungo dien 19 lan lerroak, honela laburbiltzen dira: 


ESKUALDE IZAERA eta POSIZIONAMENDUA

Urola Erdiko udalerri ezberdinen arteko kohesioa landu nahi da. Eskualde izaera sortu nahi da; batetik, eskualdearen garapen sozioekonomikoan ikuspegi amankomuna izateko, eta, bestetik, ondo posizionatuta egoteko bai Gipuzkoa bai Euskal Autonomia Erkidego mailan inbertsioak erakartzeko.

LANKIDETZA SAREA

Eragile sozioekonomiko ezberdinen arteko lankidetza dinamika indartu nahi da, horrek, berrikuntza testuinguru bat bultzatzeko balioko du, besteak beste.

MUGIKORTASUNA

Bestalde, plan estrategikoaren lanketan zehar sarritan aipatu da errepide sarea nahiz garraio publikoa hobetzeko beharra. Horretarako, eskualdearen beharretatik abiatuta, errepide sareak behar dituen hobekuntzak aztertzeko batzorde bat eratzea proposatu da. Era berean, udalerrien arteko mugikortasuna garraio publikoaren bidez nola hobetu daitekeen aztertuko da, eta, azkenik, mugikortasun jasangarriagoa sustatzeko aukerak ere landu nahi dira.

OSASUN ZERBITZUAK

Mugikortasun arazoak tarteko, lan saioetan herritarrek eskualdez kanpo kokatzen diren osasun zentroen menpekotasuna ere azaleratu zuten. Horrela, osasun arloan, herritarrek zerbitzuen inguruan dituzten beharretan sakontzea da xedea, egun eskaintzen den lehen arreta zerbitzua hobetze aldera.

INDUSTRIA: AZPIEGITURAK eta LEHIAKORTASUNA

Industriaren eremuan bi lan lerro definitu dira. Lehenengoa azpiegituren ingurukoa da. Etorkizunean industriak izango dituen beharrei erantzuteko azpiegitura berrien sorrera, eraberritze lanen nahiz egokitzapen lanen premia baloratuko da, horren arabera, ekintza zehatzak diseinatuz.
Bigarrena, aldiz, Urola Erdiko industriaren lehiakortasunaren ingurukoa da. Eskualdeko industria jardueraren lehiakortasunean eragina izan dezaketen berrikuntza proiektu ezberdinak eramango dira aurrera eragile ezberdinen artean lankidetzan. Talentua, ekintzailetza kultura edo, besteak beste, teknologia berrien aztergunea sortzeko proposamenak.

TURISMOA

Turismoaren alorrean, Urola Erdiak dituen baliabide naturalak eta ondarea kontuan hartuta, eskaintza turistiko indartsua egituratu daitekeela uste da. Lehenengo pausoa, Turismo Gunea sortzea izango da, Iraurgi Berritzen garapen agentziako beste eremu batzuetan bezalaxe. Era horretan, eskaintza antolatzeko eta indartzeko saiakera egingo da, beti ere, euskararen presentzia bermatuz. Bide batez, industria eta turismo eragileen arteko lankidetzarako aukera posibleak jorratuko dira, baita formakuntza jarraia eskaini ere.

TOKIKO KONTSUMOA eta ELIKAGAIEN EKOIZPENA

Eskualdean tokiko ekoizpena nahiz tokiko kontsumoa indartu nahi da, eta sektorearen profesionalizazioan sakondu. Alde batetik, azoka lekuak eraberritzeko aukerak landuko dira eta azokak sustatzeko ekintzak bideratuko dira, besteak beste, sentsibilizazioa lantzekoak. Bestetik, Urola Erdiko elikagai katearekin lankidetzan, tokiko elikagaien ekoizpena indartzeko ekintzak diseinatuko dira. Ostalaritzan, adibidez, tokiko ekoizleen produktuak erabiltzera bideratutako ekintzak izango dira.

MERKATARITZA eta OSTALARITZA

Tokiko ekonomiari dagokionez, egun, gero eta gehiago dira errelebo faltagatik ixten diren merkataritza establezimenduak, eraikuntza gremioak edota lehen sektoreko ustiategiak. Gainera, kontsumitzaileen erosketa ohituretan eman den aldaketa gaineratuz gero, tokiko merkataritza eskaintza murriztea eta enplegu galera dira emaitza.
Egoera horri aurre egiteko plan estrategikoan ekintza ezberdinak jaso dira. Merkataritza eta ostalaritzari dagokienez, digitalizaziorako urratsak ematen jarraitzea eta prestakuntza eskaintzaren diseinua, barneratu dira plan estrategikoan.

EKINTZAILETZA

Ekintzailetzari dagokionez, ekintzailetza kultura sustatu eta ikusgarri egin nahi da. Errentagarriak diren eskualdatze prozesuak sustatu, ekintzailetza teknologikoa sustatzeko aukerak aztertu edo ekintzailetza sustatzeko espazio berriak sortuko dira.

HEZKUNTZA

Hezkuntzan lan lerro ezberdinak jorratu dira, guztiak, eskualdeko hezkuntza-prestakuntza sistema indartzeko. Etorkizunean gizarteak izango dituen erronkei behar bezalako erantzuna ematen jakingo duten ikasleak hezteko, hezkuntzaren etengabeko egokitzapena lantzeko lan lerro bat eratu da.
Ildo beretik, eskualdeko ehun sozioekonomikoaren behar errealetara egokitutako prestakuntza eskaintzea lehenetsi da, eskaintza berriaren sorrerari ere tartea eginez. Inguruko unibertsitateekin elkarlana sustatzea ere adostu da, beraien eskaintza eskualdera zabaltzeko egon daitezkeen aukerak aztertzeko.
Azkenik, talentuaren kudeaketaren inguruko lanketa egitea adostu da. Eskualdeko ehun ekonomikoak eta industriak, bereziki, talentua kudeatzeko zailtasunak dituela identifikatu da plan estrategikoaren diagnosian. Horri aurre egiteko, gaur egun eta etorkizunean eskualdeko ehun sozioekonomikoak beharko dituen gaitasunak, ezagutzak eta beharrak identifikatu eta landu nahi dira, talentua erein, mantendu eta erakartzeko.

TRANSIZIO EKOLOGIKOA

Plan estrategikoaren beste helburu nagusi bat, eskualde bezala, trantsizio ekologikoa bultzatzea da. Eskualdeko industria eta negozioek trantsizio ekologikoaren beharraz sentsibilizatzea da lehenengo pausoa. Horretarako, sentsibilizazio espazioak sortuko dira. Era berean, adituekin negozio eredu ezberdinen inguruan hausnartuko da eta aplikazio aukerak aztertuko dira. Eta, azkenik, energia efizientzia eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko programa ezberdinak landuko dira.

ENPLEGUA eta DEMOGRAFIA

Plan estrategikoaren azken helburu nagusia datozen bost urtetarako enplegu duin eta kalitatezkoaren oinarriak sendotzen jarraitzea da. Helburua betetzeko hiru lan lerro zehaztu dira.

  1. Etorkizuneko erronka demografikoei erantzun egoki bat eman ahal izateko, beharrezkoak diren kontziliazio politiken sustapena lantzeko plan zehatz bat egitea adostu da.
  2. Kalitatezko enpleguan oinarritutako garapen sozioekonomikoa sustatuko da, eta bi generoen laneratze aukera parekidea bermatuko duten ekintzak diseinatuko dira.
  3. Bazterkeria egoeran dauden pertsonen integrazioa eta laneratze duina erraztuko dituzten jarduerak eta baliabideak eskainiko dira.

Gaurko ekitaldiaren irekiera, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Iraurgi Berritzeneko lehendakariaren eskutik izan da.

Ondoren, EAE eta Gipuzkoa mailan dauden erronka sozioekonomikoak eta lankidetzazko gobernantzaren eredua aurkeztu dituzte, Mari Jose Arangurenek, Orkestrako zuzendari nagusiak, eta Miren Larreak, Orkestrako ikertzaile seniorrak.

Jarraian, Begoña Beobide, agentziako zuzendariak Urola Erdiko hausnarketa prozesuaren emaitzen berri eman du, Gipuzkoa eta EAE mailan dauden erronkekin lerrokatuta daudela azpimarratuz.

Ondoren, plan honen hedapena eta exekuzioa bermatzeko aurreikusita dagoen kudeaketa eredua aurkeztu du Iraurgi Berritzeneko Zuzendariak, plan hau martxan jartzerako orduan, eragile ezberdinen arteko elkarlanak izango duen garrantzia azpimarratuz.

Izan ere, IB Sarearen ardura izango da plan estrategiko honen emaitzen hedapena egitea, eta, horretarako, lan lerro nahiz ekintzen garapenaz arduratuko diren lantaldeak aktibatuko ditu. Orain artean bezala, plan estrategikoaren garapena ere, lankidetzazko gobernantzan oinarrituko da.

Aldiz, planaren jarraipena IB Sarea Kontseiluaren ardura izango da. Era berean, Ana Azkoitia eta Leire Goenagak, Azkoitiko eta Azpeitiko zinegotziek eta Kontseiluko kideek organoak izango duen berrantolaketaren berri eman dute, hemendik aurrera agentzia osatzen duten arlo guztien ordezkariekin osatuko dela gaineratuz.

Javier Zubizarreta, Azkoitiko alkatea eta Iraurgi Berritzeneko lehendakariordea izan da ekitaldiari itxiera eman diona.

Ikusi Hausnarketa Estrategikoko Prozesuaren emaitzen inguruko bideoa:

 
1.png
 
 
2.png
 
 
3.png
 
4.png
 
5.png
 
6.png
 
PORTADA_WEB_67.png
 
7.png