Iraurgi Berritzenek, Digitalenturekin elkarlanean antolatutako hiru lan-saioetan eskualdeko 14 industria-enpresetako profil desberdinetako 32 parte-hartzaile bildu dira, Adimen Artifizial Sortzailea eguneroko jardunean aplikatzeko aukera praktikoak lantzeko.
Atzo ospatu ziren Iraurgi Berritzenek eta Digitalentuk elkarlanean antolatutako Adimen Artifizial Sortzailea praktikara eramateko lan-saioak, Urola Erdiko industria-enpresetako profesional eta arduradunei zuzenduta. Egun osoan zehar egindako hiru saioek parte-hartze handia izan zuten eta agerian utzi zuten enpresek interes handia dutela teknologia berriak eguneroko jardunean aplikatzeko.
Lan-saioak oso praktikoak eta dinamikoak izan ziren, eta parte-hartzaileek beren eguneroko lan-esparruei lotutako kasu eta ariketa praktikoekin lan egiteko aukera izan zuten. Saioetan zehar enpresetako ordezkariek partehartze handia eta aktiboa izan zuten, esperientziak partekatuz eta Adimen Artifizial Sortzaileak eskaintzen dituen aukerak modu aplikatuan aztertuz.
Parte-hartzeari dagokionez, goizeko lehen taldean, 9 enpresetako 14 ordezkarik parte hartu zuten; bigarren saioan 10 parte-hartzaile izan ziren, 6 enpresetakoak; eta arratsaldeko hirugarren taldean 6 enpresetako 8 parte-hartzaile bildu ziren. Guztira, hainbat profil profesionaletako ordezkariek hartu zuten parte, marketina eta salmentak bezeroentzako arreta, salmenta ostea, ekoizpena, bulego teknikoa, biltegia, kalitatea, zuzendaritza, finantzak, erosketak, berrikuntza arloetakoek, besteak beste
Saioek agerian utzi zuten Adimen Artifizial Sortzailearen garapena abiadura handian doala, eta enpresentzat aukera handiak irekitzen dituela eraginkortasuna hobetzeko, prozesuak optimizatzeko eta erabaki estrategikoak hartzeko. Era berean, parte-hartzaileek azpimarratu zuten arlo honetan oraindik lan handia dagoela egiteko, baina horrelako saioek aurrerapausoak ematen laguntzen dutela tresna berriak ulertu eta praktikan jartzeko bidean.
Lan-saio hauek Iraurgi Berritzenek eskualdeko industria-enpresen trantsizio teknologiko-digitala bultzatzeko duen estrategiaren baitan kokatzen da. Helburua ETE industrialei tresna praktiko eta aplikagarriak eskaintzea da, lehiakortasuna indartu eta eraldaketa digitalari modu eraginkorrean aurre egiteko.


