Gipuzkoako Lan Behatokiaren aurkezpen ekitaldian parte hartuko du Iraurgi Berritzenek

2022-12-15

Datorren asteazkenean, abenduak 21, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gunera aretoan ospatuko da Gipuzkoako Lan Behatokia aurkezteko ekitaldia.

Behatoki hori ISEAK Fundazioak, ekonomiaren arloko ikerketa eta transferentzia zentroak garatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan. Behatokiaz gain, ISEAK Fundazioak egindako zenbait azterlan aurkeztuko dira. Azterlan horietan, Gipuzkoan dauden diru sarreren arteko desberdintasunak aztertuko dira, hainbat ikuspegitatik.

Gipuzkoako Lan Behatokia modu interaktiboan bistaratzeko tresna bat da, Gipuzkoako lan merkatuari buruzko informazio zehatza modu intuitiboan eta eskuragarrian lortzeko aukera ematen duena, esate baterako, azken hilabetean Lanbiden erregistratutako langabeen kopurua, eskualdeka egindako afiliazio edo kontratazioen kopurua edo gehien eskatzen diren lanbideak. Behatokia hilero eguneratzen da, eta datu base ireki handien (OpenData Euskadi) ustiapenean oinarritzen da; zehazki, Gizarte Segurantzari eta Lanbideri buruzko datuak. Horrela, behatokiak gizarteari laguntzen dio lan egoerari buruzko informazio zehatza eta eguneratua eskuratzen, eta indartu egiten du ISEAK Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gardentasunari eta ezagutza hedatzeari buruz duten konpromisoa. Lan horren osagarri, ISEAK Fundazioak hiru hilean behingo buletinak aurkeztuko ditu, tresnan eskuragarri dauden datuak Gipuzkoako lan merkatuaren koiunturarekin testuinguruan kokatzen dituztenak eta urte honetan enpleguak izan duen bilakaera aztertzea ahalbidetzen dutenak.

 Bestalde, ISEAK Fundazioak hainbat azterlan egin ditu Gipuzkoako diru sarreren desberdintasuna ikuspegi desberdinetatik aztertzeko. Lehenengoak Gipuzkoako diru sarreren arteko desberdintasuna aztertzen du bere osotasunean, eta lurraldearen errealitatea inguruko beste gizarte batzuen testuinguruan kokatzen du. Lehen txosten honetan egindako azterketak agerian uzten du Gipuzkoa Europako desberdintasun gutxienetakoa duen lurralde bat dela oraindik ere; herrialde garatu askotan diru sarreren arteko desberdintasunak ere gora egin izanak eragina izan du. Lehen txosten horretatik abiatuta, eta diagnostiko zehatza egiteko eta diagnostiko horretatik proposamen zehatzak ateratzeko helburuarekin, diru sarreren desberdintasunaren azterketa generoaren, adinaren eta lurraldearen dimentsioetara hedatzen da, dauden desberdintasunak sortzen dituzten faktoreak identifikatuz.

Datorren astean ospatuko den ekitaldian, Gipuzkoako Foru Aldundiak lan horiek partekatuko ditu, bertaratzen diren erakunde guztietako ordezkariekin. Horien artetan izango dira Iraurgi Berritzeneko teknikariak, deiak eta gogoetak trukatzeko tarteak ere izango direlarik.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia