Izarraitz Lanbide Heziketak bere formazio eskaintza zabaltzen jarraitzen du, lan-merkatuaren beharretara eta eskualdeko testuingurura egokitutako proposamen berriekin.
Bide horretan, erdi mailako ziklo berri bat eskainiko du 2023-2024 ikasturtetik aurrera, “Zura Prozesatzeko eta Eraldatzeko Teknikaria”rena, hain zuzen. Azkoitian lehen aldiz emango den zikloa da, oraindik ez baita martxan jarri ez EAEn ez estatuan. Halaber, zibersegurtasunaren inguruan espezializatzeko bi ikastaro edo master eskainiko dira, bata informazio-teknologien inguruneetan zentratuko da, eta bestea, eragiketa-teknologien inguruneetan.
Izarraitz Lanbide Heziketak formazio eskaintzaren berri eman zuen atzo arratsaldean Eduardo Sudupe zuzendaria buru zela egindako ekitaldian. Bertan parte hartu zuten Iraurgi Berritzeneko ordezkariek, bailarako hainbat alkaterekin, enpresa ordezkariekin, eta eragileekin batera.
Iraurgi Berritzenekin lankidetzan, enpresek dituzten beharrak eta behar dituzten profilak detektatzeko bailara mailan egiten den lana azpimaratu ziren ekitaldian. Halaber, Izarraitz Lanbide Heziketak azken urteotan egindako ahalegina, eta emandako jauzi kualitatiboa nabarmendu ziren, bereziki, 2017an Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHItik bereizi, eta Lanbide Heziketako zentro gisa funtzionatzen hasi zenetik. Ordutik bi helburu nagusi izan ditu zentroak. Ikaslegoaren prestakuntza enpresek eskatzen dituzten profilekin parekatzea eta formazio- eskaintza eguneratzea eta zabaltzea. Eduardo Sudupe zuzendariak emandako datuen arabera, zentroak 205 ikasle ditu gaur egun, eta haietatik 142 bailarakoak dira. Genero ikuspegitik begiratuta, 134 gizonezkoak dira, eta 71 emakumezkoak. 2017tik gaur arte, sei formazio ziklo izatetik, bi espezializazio ikastaro eta hamaika ziklo izatera pasatu dira.
Bide horretan, eta Iraurgi Berritzenekin elkarlanean, Izarraitz Lanbide Heziketan Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonei Arreta emateko zikloa jarri zuen abian. 2018an, Mekatronika Industriala iritsi zen. Ondoren, Gizarteratze zikloarekin indartu zen eskaintza, eta orain zuraren eta zibersegurtasunaren inguruko prestakuntza gehitu zaio. Atzoko aurkezpenean parte hartu zuten adituek, batez ere zibersegurtasunari begira, dagoen formazio beharra azpimarratu zuten.
Ekitaldia aizkolarien parte-hartzearekin borobildu zen, egurrak material gisa gure bailaran duen garrantzia agerian jartzeko asmoz.