8. urtez jarraian, aurrera doa eskualdeko eragileak eta ikastetxeetako ikasleak harremanetan jartzen dituen Elkarrekin Eraikitzen proiektua.
Aste honetan egindako sentsibilizazio saioen ostean, ikastetxe guztiak proiektuan burubelarri dabiltza. Guztira 250 ikasletik gora eta 40 eragile inguru ari dira parte hartzen.
Zenbait gazte, elkarrizketak prestatzen eta eskualdeko eragileak bisitatzen dabiltza, beste zenbait, aldiz, eragileei bisita egin ostean, ikasi, ikusi eta bizi dutena bildu, eta ikaskideekin partekatzen ari dira.
Proiektu honetan, ikasleek, beren interesetatik abiatuz, eskualdeko egoera sozioekonomikoaren erakusle diren kasuak (industria, merkataritza, osasuna, lehen sektorea, ekintzailetza, enplegua, kultura eta komunikabideak, gizarte zerbitzuak) lantzen dituzte.
Gainera, ikaslea, bere ikasketa-prozesuaren protagonista bihurtzen da, eta hainbat gaitasun (iniziatiba, talde lana, komunikazioa…) garatzeaz gain, ikas-prozesuan metodologia desberdinean murgiltzeko eta eskualdeko errealitate sozioekonomikoa bertatik bertara ezagutzeko parada dute.