ElkarEkin Lanean proiektuaren baitan eskualdeko langabetuentzako ikastaroei buruzko informazioa

2026-02-09
Enplegua

Iraurgi Berritzeneko Enplegu Arlotik, Urola Erdian langabezia murrizteko eta laneratze aukerak sustatzeko lanean jarraitzen dugu, bertako eragileekin elkarlanean. Ildo horretan kokatzen da “Urola Erdian ElkarEkin Eraginez IV” proiektua, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei gizarteratze- eta laneratze-bide egokituak eskaintzea helburu duena.

Proiektu honen baitan, 2026 otsailaren 2an abian jarri da arku-soldadura gas babeslea eta  elektrodo kontsumigarriak  erabiliz,  mig/mag soldeoko  ziurtagiri profesionala (410 ordu) ,  Izarraitz Lanbide Heziketa ikastetxean. 15 ikaslek parte hartuko dute prestakuntza honetan.

Bestalde,  Urrian abian jarri zen Arreta Mendekotasun ikastaroa, Zabaltzen -Sarturen eskutik Azpeitiko Basazabal jauregian. Otsailak  13an bukatuko da eta ondoren 40 orduko praktikaldiak egingo dituzte partehartzaile guztiek. Ikastaroan zehar 20 orduko euskara-saio osagarriak ere eskaini dira.

Martxoak 9an, Oinarrizko Sukaldaritza ikastaroa hasiko da. 100 orduko prestakuntza honek elikagaien manipulaziorako ziurtagiria lortzeko aukera emango die parte-hartzaileei, eta 20 orduko euskara-saio osagarriak ere eskainiko dira.  Prestakuntza hau Azkoitiko Elkargunean izango da eta Ekolab enpresak emango du eta 15 plaza izango dira.

Ekimen guzti  hauek Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du, eta eskualdeko prestakuntza- eta gizarte-eragileekin elkarlanean gauzatu dira, tokiko enplegagarritasuna hobetzeko helburuari eutsiz.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia