IE Team aholkularitzaren gidaritzapean, parte-hartzaileek gaur egungo kontsumo-joerak ezagutu eta beren negozioetan aplikatzeko estrategiak partekatu zituzten.
KLINK Gunearen baitan, atzo azaroak 12, XIII. Kafe Tertulia ospatu zen Azkoitiko Intsausti Jauregian, ekintzaileentzako bereziki pentsatutako topaketa praktiko eta inspiratzailea. “Bezeroen portaerak eta kontsumo-ohiturak: nola egokitu gure negozioak” izenburupean, parte-hartzaileek gaur egungo kontsumo-joeren inguruan hausnartu eta beren negozioetan aplikatzeko gako berriak partekatu zituzten.
Tertulia hau kafe baten bueltan sortutako konfiantzazko espazio batean garatu zen, non ekintzaileek beren esperientziak eta ikuspegiak elkarbanatu zituzten, bezeroaren esperientzia, digitalizazioa eta tokiko lankidetza bezalako gaiak jorratuz. IE Team aholkularitza-enpresak gidatutako saioan, kontsumitzaileen ohituretan eta balioetan izaten ari diren aldaketak aztertu ziren, eta negozioetan nola egokitu horietara ikuspegi praktiko batetik.
Saioan honako gaiak landu zituzten ekintzaileek:
- Belaunaldi desberdinen kontsumo-joerak eta portaerak.
- Bezeroaren esperientziaren garrantzia eta haren sinplifikazioa.
- Digitalizazio erraza eta erabilerrazak diren tresnak.
- Tokiko lankidetza eta “egiten duguna zergatik egiten dugun” komunikatzeko moduak.
Parte-hartzaileek saioaren ikuspegi praktikoa eta inspiratzailea nabarmendu zuten, eta askok azaldu zuten kontsumo-ohitura berrietara egokitzeko baliagarriak izango zaizkiela partekatu ziren tresnak eta hausnarketak.
XIII. edizio hau urtean bitan antolatzen den Kafe Tertulien zikloaren parte izan da, eta ekintzaileen arteko topagune erreferente gisa sendotu da urteetan zehar, esperientziak partekatzeko eta ideiak praktikan jartzeko gune gisa.


