Ekintzailetasunaren sustapen planari esker 61 lanpostu sortu dituzte Azkoitiko eta Azpeitiko udalek

2015-02-12

Azkoitiko eta Azpeitiko udalek 150.000 euro bideratu zituzten iaz ekintzailetasuna sustatzeko, eta egitasmo horrek eman ditu aurreneko fruituak: diru-laguntza horri esker 61 lanpostu zuzen sortu dira, eta zeharkako beste batzuk ere bai.

Hala azaldu zuten Urrategi Alberdi eta Eneko Etxeberria Azkoitiko eta Azpeitiko alkateek. Bailarako egoera ekonomiko latzari aurre egiteko asmoz erabaki zuten bi udalek neurriak hartzea: “Udalok eskumen gutxi ditugu alor honetan, eta bi aukera genituen; Jaurlaritzari begira gelditu, edo arriskatu eta geure kabuz zerbait egin”, azaldu du Etxeberriak. Bigarren aukeraren aldeko apustua egin dute, eta bide horretan emandako pausu bat izan dira laguntza hauek, banakako lanpostuak sortzearen aldeko pausua. Guztira 38 eskaera jaso dituzte, eta hiruri izan ezik (oinarrizko baldintzak betetzen ez zituztelako), beste guztiei eman zaizkie laguntzak, 2.000 eurotik 43.000 eurora bitartean. Bi udalak oso gustura daude laguntza hauekin lortutako emaitzekin, eta horregatik, aurten ere beste 150.000 euro jarriko ditu gisa honetako diru-laguntzak bideratzeko. Oinarriak lantzen ari dira, eta behin hori erabakita, berehalakoan egingo dute deialdia. “Langabeziari aurre egitea da gure lehentasuna, eta bide horretan lanean jarraituko dugu hemendik aurrera ere, gure esku dagoen guztia eginez”.

Hemen duzue emandako diru-laguntzen inguruko informazio zehatza.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia