Cookie konfigurazioa

ElkarEkin proiektuaren babesean, eskualdeko langabetuei zuzendutako ikastaroak martxan dira

2025-02-18
Enplegua

Iraurgi Berritzen-eko Enplegu Arlotik, Urola Erdian langabezia murrizteko eta enplegua sustatzeko ekimenak garatzen ari gara bertako eragileekin lankidetzan. Horien artean, zaurgarritasun-egoeran dauden langabetuentzako “Urola Erdian ElkarEkin Eraginez IV” proiektua nabarmentzen da, gizarteratze- eta laneratze-bide egokituak eskaintzea helburu duena, eskualdeko zerbitzuak integratuz. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako proiektu honen baitan, aurrez aipaturiko helburuari erantzunez, Fabrikazio Mekanikoa eta Sukaldaritza arloetako prestakuntza-ikastaroak martxan jarri dira, eskualdeko langabetuei zuzenduta.

Fabrikazio Mekanikoko Eragiketa Osagarriak ikastaroak 400 orduko iraupena du, eta 15 ikasle (2 emakume eta 13 gizonezko) ari dira parte hartzen Izarraitz Lanbide Heziketan egiten ari diren ikastaroan. Prestakuntza amaitzean, parte-hartzaileek ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute eskualdeko enpresetan egingo dituzten praktiketan. 

Bestalde, Oinarrizko Sukaldaritza modulua 100 ordukoa da, eta parte-hartzaileek elikagaiak manipulatzeko ziurtagiria eskuratzeko aukera izango dute. Horrez gain, 20 orduko euskara-saioak ere eskainiko dira. Ikastaro hau Elkargunean garatzen ari da, eta hemen ere 15 pertsona (11 emakume eta 4 gizonezko) ari dira parte hartzen. 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia