Elkarlana ardatz, Merkataritza Mahaiak eskualdeko merkataritza indartzen du

2026-02-23
Merkataritza

Eskualdeak tokiko merkataritzaren aldeko apustua indartzen jarraitzen du 2008tik martxan dagoen Merkataritza Mahaiaren bidez. Mahai horretan parte hartzen dute Herrixen Azkoitiko merkatarien elkarteak, Bertan Azpeitiko merkatarien elkarteak eta Azkoitiko Udalak. Elkarlanerako eta koordinaziorako gune egonkorra da, eskualdeko merkataritza-sarea sendotzeko helburuarekin. 

Urteko lehen bileran, 2026rako lan-ildo eta jarduera nagusiak partekatu dituzte. Lehentasunezko ardatz estrategiko gisa, merkataritza-establezimenduetako belaunaldi-erreleboa nabarmendu da, sektorearen jarraipena eta lehiakortasuna bermatzeko funtsezko erronka baita. Horretarako, transmisio-prozesuak lagundu eta errazteko ekintza bateratuak garatuko dira. 

Bestalde, elkarte bakoitzak urtean zehar egingo dituen ekintzak aurkeztu ditu, tokiko merkataritzaren dinamizazioarekiko konpromisoa berretsiz. Halaber, aurten ere, udazkenean ekintza bateratu bat egingo da tokiko kontsumoa sustatzeko eta herritarren eta merkataritzaren arteko lotura indartzeko. 

Azkenik, Errekauek eta Enkarguk ekimenen bidez, etxez etxeko banaketa-zerbitzua eskualdeko enpresetara zabaltzeko aukerak aztertzen ari dira. “Banatzaile” zerbitzua enpresei zuzenduta planteatzen da, eguneroko enkargu eta kudeaketa txikiak errazteko, eraginkortasuna eta denbora-aurrezpena sustatuz eta tokiko enpresa-sareari balio erantsia eskainiz. 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia