Eskualdeko bost industria-enpresek urrats estrategikoa eman dute jasangarritasunerantz

2025-12-19
Enpresa
IkasEkin metodologiaren bidez, Iraurgi Berritzenek bultzatutako prozesuak jasangarritasuna enpresen kudeaketan txertatzen lagundu du

Iraurgi Berritzenek gaur eman dio amaiera eskualdeko enpresei jasangarritasuna modu estrategikoan ulertzen, neurtzen, integratzen eta komunikatzen laguntzeko helburua izan duen proiektuari. Ekimen hau Iraurgi Berritzenek bultzatu du eta eskualdeko 5 industria enpresek (ELMUBAS IBERICA, BERNARDO ECENARRO, ALBERDI MEKANIZATU LANAK, INTZA eta VI4CRANE) hartu dute parte bertan.

Proiektu osoa IkasEkin metodologian oinarritu da, esperientzien elkartrukean, ikaskuntza partekatuan eta lankidetza aktiboan oinarritutako lan-dinamikan, eta Dezetaa Consulting-eko David Zabala eta lan taldearen laguntza izan dute prozesu osoan, beren esperientzia eta ezagutzaz baliatuz.

Irailean hasitako egutegiari jarraituz, proiektuak hainbat mugarri izan ditu azken hilabeteetan. Lehenengo tailerrean, parte-hartzaileek jasangarritasunaren oinarrizko kontzeptuak eta euren enpresaren egoera aztertzeko tresnak landu zituzten, elkarrekin ikasiz eta praktika onak partekatuz. Urrian egindako bigarren saioan, jasangarritasuna negozio-estrategian integratzeko gakoak eta errendimendu jasangarria hobetzeko aukerak jorratu ziren, talde-lanean eta kasu errealetan oinarrituta. Eta, azaroan egindako hirugarren tailerrak jasangarritasuna modu eraginkorrean komunikatzearen garrantzia azpimarratu zuen, enpresen inpaktua biderkatzeko tresnak eskainiz.

Tailer presentzialak banakako akonpainamenduarekin osatu dira, enpresa bakoitzaren errealitatera egokitutako lanketa eginez,

Gaurko ekitaldiarekin eman zaio amaiera proiektuari, lortutako emaitzen aurkezpenarekin eta parte-hartzaile bakoitzari bere jasangarritasun-ibilbidearen orri pertsonalizatua entregatuz. Dokumentu honek datozen urteetarako erronka eta lehentasunak zehazten ditu, jasangarritasuna enpresaren kudeaketan modu egituratuan txertatzen jarraitzeko tresna gisa.

Eskualdeko industria-enpresen trantsizio ekologikoa bultzatzeko Iraurgi Berritzenen estrategiaren baitan kokatzen da ekimena, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Ekonomia Sustatzeko Departamentuaren ta Azpeitia eta Azkoitiako udalen babesa du.

 

 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia