Apirilak 11 eta 12an, “Izan Ekintzaile!” Hezkuntza proiektuaren baitan Urola ikastetxeko ikasleek eskualdeko bi ekintzaileren bizipenak gertutik ezagutzeko aukera izan zuten. Alde batetik, 2018. urtean bere kabuz lanean hasi zen Oier Arregi bideogilearen bisita izan zuten eta bestetik, “BASK” arropa jasangarriko enpresa sortzaile den Mikel Izturietarena. Bi ekintzaileek ikasketetatik hasi eta beraien enpresa sortu bitarteko esperientzia elkarbanatu zuten ikasleekin.
Ikasleek ekintzaileen bizipenak entzutetik haratago, urtean zehar landutako enpresa proiektuak ekintzaileei aurkeztu zizkieten, gomendio zein ekarpen desberdinak elkartrukatu zituztelarik.
Izan ekintzaile! Proiektua bi saiotan banatzen da, lehenengo saioan, “ekintzailetza” jarduerak ekonomian eta oro har eskualdeko ekonomian duen garrantzia lantzen da eta saioa, gizarteko joeren eta negozio ideien inguruko dinamika batekin ixten da. Bigarrengo saioan, ekintzaileak gerturatzen dira ikasgelara beraien esperientziak elkarbanatzera.
“IZAN EKINTZAILE!” Eskualdeko ikastetxe ezberdinek lantzen duten proiektua da eta 2 helburu nagusi ditu;
- Ikasleei eskualdeko errealitate sozioekonomikoa hurbildu eta bertan ekintzailetza jarduerak duen garrantziaz sentsibilizatu.
- Ekintzaileen bizipenak gertutik ezagutu eta beharrezko gaitasunak sustatu.