Cookie konfigurazioa

Eskualdeko ekintzaileek protagonismoa hartu dute Nazioarteko Egunean

2025-04-17
Ekintzailetza

Aurten, bigarren aldiz, Ekintzailetza arloko lan taldearen ekimenez, Ekintzaileen Nazioarteko Eguna ospatu da. Egun berezi hau eskualdean enpresa sortu berri duten ekintzaileak omendu eta aitortzeko baliatu nahi izan da. 

Bertan, 2024an enpresa sortu zuten ekintzaileek egindako ahalegina eta eskualdean ehun-sozioekonomikoan izan duten inpaktu positiboa balorean jarri dira. Guztira, 29 egitasmo berri sortu ziren iazko urtean, guztien artean 37 lanpostu sortuz 

Ekitaldiaren bidez, tokiko ekintzaileen ekarpen ausarta eta garrantzitsua balioan jarri nahi izan da; izan ere, beraien lanari esker, gure herriak bizi mantentzen dira eta tokiko garapen sozioekonomikoa bultzatzen da. 

Aurten, gainera, Maria Diez ekintzaile eta coach-ak hitzaldi motibatzaile bat eskaini die bertaratuei. Bere jardunean, “Eskualdea eraldatzen duten pertsona ausartak” kontzeptua erabili du inspirazio gisa, ekintzaile bakoitzaren ibilbidea balioan jarriz eta bidean izandako erronkei aurre egiteko moduak partekatuz. Bere hitzek bertaratutakoen arreta piztu eta emozionatu egin dute, norberaren bideari ekiteko indarra eta konfiantza piztuz. 

Ekitaldiaren amaieran, ekintzaile bakoitzari oroigarri berezi bat eman zaio eskualdeko margolari Maria Goñiren eskutik sortua, euren ausardia eta konpromisoa eskertzeko. 

Tokiko ekintzailetza funtsezko zutabea da gure udalerrien etorkizunerako, eskualdeko herri eta kaleetan zerbitzu eskaintza zabala izaten jarraitzeko aukera ematen du beronek. Horregatik, gaurko ospakizuna eskualdeko etorkizuna eraikitzen ari diren pertsonei babesa emateko aukera paregabea izan da. 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia