Eskualdeko enpresa industrialei zuzenduta “Autokontsumoa eta komunitate energetikoak industria sektorean” jardunaldia antolatu du Iraurgi Berritzenek Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin

2022-03-15

Datorren Martxoaren 17an, ostegunean, Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren babesarekin, “Autokontsumoa eta komunitate energetikoak industria sektorean” izenpean antolatu duen jardunaldia ospatuko da. Ekitaldi hau eskualdeko enpresa industrialei eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzu enpresei zuzenduko da eta presentzialki izango da, Azkoitiko Intsausti Jauregiko 1. Solairuan.

Jardunaldiaren helburua Urola Erdiko enpresetan autokontsumoa eta komunitate energetikoen inguruko informazioa edota ezagutzak eta esperientziak partekatzea da. Horretarako, hainbat praktika on eta kasu arrakastatsu izan duten enpresetako ordezkariek hartuko dute parte, horien artean izango delarik Urola Erdiko Energia Mahaiaren ordezkaritza ere, Energia Berriztagarrien inguruan landu duen proiektu bat aurkeztuz. Enpresek ere izango dute tarte bat beraien zalantza eta galderak argitzeko.

Ekintza honek Iraurgi Berritzenen Enpresa Arloan lantzen den Ikasiz Programaren baitan du jatorria, eta eskualdeko enpresa ordezkari ezberdinek osatzen duten Enpresa Gunearen baitan jasotako proposamenekin definitutako programa bat da. Bere helburua, enpresaren alderdi desberdinen kudeaketan, ezagutzak eta esperientziak konpartitzea, eta praktika onen sentsibilizazioa eta difusioa da.

Enpresa interesatuak izena emateko estekaren bitartez eman beharko du izena.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia