Gaur, ostirala, Otsailak 24, Ikasiz Programaren baitan, aurtengo 1. Jardunaldia ospatu da presentzialki, Donostiako ADEGI eta FABRIKAREN eraikinean ondorengo gaiaren inguruan: Enpresa Kultura Eredu Berria.
Jardunaldi hau eskualdeko enpresetako gerente edota pertsonen arduradunei, zein, enpresa kultura eredua eta pertsonen eraldaketa kudeatzeko interesa duten pertsonei zuzendu da. Helburu nagusia, eskualdeko enpresa sareak, pertsonen eta erakundeen ongizatea eta lehiakortasuna hobetzea bilatzen duen, kudeaketa estrategikoa eta eraldaketa kulturalari zuzenduriko egitasmo berritzaileak zuzenean ezagutzea izan da.
Horretarako, bertan parte hartu dute ADEGI -Gipuzkoako Enpresen Elkarteko eta baita FABRIKA -Enpresen Kultura Eraldatzeko Errendimendu Handiko Zentroko ordezkariek ere.
Lehen zatian ADEGI-ko Nerea Zamakolaren eskutik, Kultura eredu berriaren kontzeptua ezagutu eta enpresaren kultura eraldaketarako kontuan izan beharreko 8 gako bereizgarriak ezagutzeko aukera izan dute parte hartzaileek: helburu inspiratzaileak, balore partekatuak, pertsonen ongizatea, informazio gardena, komunikazio eraginkorra, lidergo eraldatzailea, kudeaketan edo/eta emaitzetan partaidetza, etab., etab.
Ondoren, Juan Mancisidor eta Ainara Arizabaleta FABRIKA-ko ordezkarien eskutik, honakoak ezagutu dituzte: Nortzuk diren, zer eskaintzen duten, Fabrika Metodoa, Enpresa programak, Banakako entrenamendua, …
Zati bakoitzaren ostean enpresekin elkarrizketak izateko tartea ere izan da, beraien zalantzak argitu edo esperientziak partekatu asmoz.
Lan saio hau Enpresa Gunearen -eskualdeko enpresa ordezkari desberdinak osatutako Gunea- baitan jasotako proposamenekin definitutako Ikasiz Programaren baitan kokatzen da. Bere helburua, enpresaren alderdi desberdinen kudeaketan, ezagutzak eta esperientziak konpartitzea, eta praktika onen sentsibilizazioa eta difusioa da.