Eskualdeko gazteak euren etorkizun pertsonal zein profesionalaren hausnarketetan sakontzen Iraurgi Berritzenen eskutik

2023-01-12

Iraurgi Ikastetxean, batxiler bi mailako ikasleen orientazio ekintzen baitan, 2 ikasgelarekin hausnarketa saioak egin dira, guztira, 40 ikasle baino gehiagok hartu dutelarik parte. Helburua, ikasleak euren etorkizun profesionalaz zein pertsonalaz hausnartzearen garrantziaz sentsibilizatzea izan da.

Saio hauen bidez, Eta orain, non eta nola emango diet jarraipena nire ikasketei?”, “Non ikusten naiz bost urte barru?” galderak abiapuntutzat hartuta, ikaslea, bere etorkizun profesionalari zein pertsonalari buruz hausnartzearen garrantziaz sentsibilizatu nahi izan da dinamika ezberdinen bidez. Honetaz gain, ikasleen hausnarketa-prozesuari jarraipena eman eta sortu zaizkien galdera zehatzei erantzun zaie, baita eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren berri eman ere.

IB Hezkuntza markoan, datozen hilabeteetan, sentsibilizazio saio hauekin jarraitzeaz gain, ikasleek dituzten interesen arabera eragile ezberdinetara bisitak antolatuko dira, GEROLAN proiektua medio. Lan saio hauek, DBH4 nahiz Batxiler bi mailako ikasleetara bideratzen dira.

Gerolan proiektuak Iraurgi Berritzenek dinamizatzen duen eragileen lankidetza sarean du jatorria eta eskualdeko bost ikastetxeetako orientatzaileekin elkarlanean garatzen da. Ekimenaren helburu nagusia ikastetxeetako orientazio plana indartzea da eta horretarako lankidetzan hainbat ekintza lantzen dira. Besteak beste, ikastetxeetan ospatzen diren sentsibilizazio saioak edo ikasleek dituzten interesen arabera eragile desberdinetara antolatzen diren bisitak azpimarratu daitezke.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia