Gaur, urriak 4 asteartea, Hezkuntza Arloko teknikariak eskualdeko 5 ikastetxeetako Orientatzaileekin bildu dira, GEROLAN-ORIENTAZIOA proiektuaren baitan. Proiektu honek ikasleen orientazio akademikoa eta profesionala indartzea du xede eta ikasturtean zehar gauzatzen diren ekintzak ikastetxeetako orientatzaileekin elkarlanean adosten dira.
Ikasturte berrira begira, ikastetxeen orientazio planak indartzeko baliabide eta lan lerroak adostu dira eta bi lan lerro nagusi izan dira hizpide:
- Ikasleei heuren orientazio profesionala nahiz akademikoaren hausnarketan laguntzeko dinamikak landu dira. Dinamika hauetan, ikaslea bere orientazio hausnarketaren protagonista bihurtu eta hausnarketa pertsonala erraztu nahi dira.
- Behin ikasleen orientazio interesak ezagututa, eta eskualdeko eragile sozioekonomiko ezberdinekin lankidetzan, ikasketa nahiz lanbide ezberdinen inguruan izan ditzaketen zalantzak argitzeko jardunaldi eta bisiten antolaketa izan da hizpide. Ikasturtearen bigarren zatian, dinamika ezberdinak abian jartzea aurreikusten da.
Hizpide izan diren bi lan lerroetan, hainbat hobekuntza egitea lehenetsi da eta hauen garapenerako oinarrizko epeak zehaztu dira.