Eskualdeko negozio txiki eta ekintzaileak “Eskualdaketarako gakoak” ezagutzen

2023-09-28

Gaurko saioa, ondorengo urteetan biziko dugunaren islada garbia izan da. Bertan, eskualdeko 20 establezimendu eta negozio txikitako 25 ordezkarik hartu dute parte. Guztien kezka, errelebo eza da, eta horrek, negozio errentagarrien itxiera dakarrela aldarrikatu dute.

Eskualdeko eragile sozioekonomiko garen einean, gure ardura da, Azkoitiko “Herrixen”, Azpeitiko “Bertan” eta beste eragile batzuekin lanean jarraitzea negozio txikien itxiera saihesteko. Egia da negozioen eskualdatzea erraza ez den arren, azken urteetan eskualdean arrakastatsuak izan diren hainbat kasu eman dira. Hau dela eta, gaur burutu da Azkoitiko Elkargunean, negozioen eskualdatze prozesuetan kontutan izan beharreko alderdiak nahiz eskualdean eman diren praktika onak aurkezteko lan saioa.

Lan saioan, lehenik eta behin, negozioen eskualdatzean kontutan izan beharreko gakoak aurkeztu dira “PKF Attest” aholkularitza etxearen eskutik. Izan ere, eskualdatze prozesuak arrakastatsuak izan daitezen, badira kontutan hartu beharreko hainbat xehetasun.

Bigarren zatian, aldiz, dagoeneko eskualdean eman diren eskualdatzeen esperientzia errealak aurkeztu dira. Esperientzia hauek, bi ikuspuntutatik landu dira gainera. Batetik, negozioa utzi eta hau eskualdatze bidez beste pertsona baten esku utzi dutenen testigantzak ezagutu dituzte bertaratu diren herritarrek. Bestetik, berriz, dagoeneko abian zen negozio bati jarraipena ematea erabaki duten ekintzaileen esperientziak ere ezagutu ahal izan dituzte.

Lan saioak, honako egitura izan du:

  • Agurra merkatari elkarteen eskutik.
  • Eskualdatzearen gakoak, PKF Attest adituen eskutik.
  • Praktika onak:
    • Belaetxe papertegia egun Mendata estudio grafikoa (Veronica Gallarin), hartzailea.
    • Memphis egun Mima etxeko osagarriak (Oihana Goenaga), hartzailea.
    • Urola Express taberna, Nagore Alberdi, hartzailea.
    • Grieta arropa denda, Marian Fernandez, lagatzailea.
  • Saioaren itxiera, Iraurgi Berritzen.

Ekimen honen babesleak, Herrixen Azkoitiko Merkatari elkartea, Bertan Azpeitiko Merkatari Elkartea, Azkoitiko eta Azpeitiko udala, Iraurgi Berritzen eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia