Ekainak 7 asteartean, eskualdeko orientatzaileen lan taldea bildu da ikasturteari itxiera emateko. Lan bileran, “Gerolan” proiektuaren baitan landu diren ekintzak partekatu eta datorren ikasturtera begirako hobekuntzak identifikatu dira.
Ikasturtean landu diren ekintzen balorazioa oso positiboa izan da eta datorren urtean ekintzei jarraipena ematea adostu da. 2021/22 ikasturtean zehar garatu diren ekintzei erreparatuz gero, DBH4 nahiz Batxiler 2 mailako eskualdeko ikasleekin hausnarketa saioak egin dira, 18 ikasgelatan egin dira guztira hausnarketa saioak. Era berean, Erdi Mailako zikloetan nahiz Goi Mailako zikloetan interesa zuten ikasleekin Izarraitz Lanbide Heziketa eta interesen arabera eskualdeko hainbat enpresa bisitatzeko aukera eskaini zaie. Bestalde, enpresa nahiz injenieritza ikasketak egiteko interesa agertu duten ikasleei eskualdeko beste bi enpresa bisitatzeko aukera eskaini zaie. Orokorrean, ikasturtean zehar garatu diren orientazio ekintzetan 300 ikasle eta eskualdeko 8 enpresak hartu dute parte.
Bestalde, lan bileran, 2022/23 ikasturtera begirako hainbat hobekuntza identifikatu dira. Besteak beste, epeen kudeaketa edota datorren ikasturtera begira eremu ezberdinetako eragile sozioekonomikoetara bisitak hedatzea aipatu da.
“Gerolan” proiektuak Iraurgi Berritzenek dinamizatzen duen eragileen lankidetza sarean du jatorria eta eskualdeko 5 ikastetxeetako orientatzaile ezberdinekin elkarlanean garatzen da. Ekimenaren helburua, ikastetxeen orientazio planak lankidetzan aberastea da. Prozesuan zehar ikasleengan orientazio akademiko nahiz profesionalari dagokion hausnarketa aktibatu eta interesen arabera eskualdeko eragile sozioekonomikoekin harremanak erraztu dira.