Maiatzak 21 asteazkenean, eskualdeko ikastetxeetako teknologia eta ikt mintegiek etorkizuneko erronkak eztabaidatu eta esperientziak elkarbanatu dituzte Azkoitia BHI ikastetxean.
Beñat Erezuma irakasleak, Bilboko Miguel de Unamuno institutuko teknologia irakaslea eta teknologia eta AA arloko dibulgatzaileak, gidatu zuen lan saioa eta ZIMAT –Zientzia, Ingenieritza, Matematika, Artea, Teknologia– arloan duen ikuspegia partekatu zuen bertaratutako irakasleekin. Lan saioan, teknologia mintegien antolaketa, pentsamendu konputazionala edota adimen artifiziala izan ziren hizpide.
Ekimena, “ZIMAT Urola Erdian” proiektuaren baitan kokatzen da. Proiektu honek, eskualdeko ikasleengan zientzia eta teknologia bokazioak sustatu eta ikastetxeetan metodologia berritzaileak txertatzea du helburu.
Proiektu honen baitan, datorren Ekainak 11 asteazkenean Azkoitiko eliz atarian, Urola Erdiko Zientzia eta Teknologia Azoka ospatuko da. Bertan, eskualdeko ikastetxeek ikasturtean zehar landu dituzten proiektu ezberdinak plazaratu eta elkarbanatzeko parada izango dute.


