Euronet 50/50 eskualdeko ikastetxeetan

2023-02-14

Euronet 50/50, ikastetxetan energia aurrezteko programa, martxan jarri da beste urte batez. Iraurgi Berritzen eta Urola Erdiko Energia Mahaitik sustatutako programa da eta eskualdeko ikastetxeek dute parte hartzeko aukera.

Aurtengo partaideak, ondokoak dira: Azkoitian Bizilore Eskola Aktiboa, Izarraitz LHII eta Xabier Munibe Ikastola, Azpeitian Ikasberri Ikastola, Iraurgi ikastetxea, Karmelo Etxegarai Ikastola eta Urola BHI, eta azkenik, Errezilgo San Martin Herri Eskola.

Euronet 50/50 max. proiektu europar bat da, eraikin publikoetan energia aurreztea sustatzen duena, erabilera egokitik eta energiaren kudeaketatik abiatuta. Ikastetxeetan egiten den lanketak helburu bera du: energiaren inguruko ezagupen maila handitzea, energia aurreztea eta eskola jasangarri baterantz bideratzea.

Mundu mailan finkatutako Garapen Jasangarrirako Helburuekin lotura du programa honek, nahiz eta batzuekin duena zuzenagoa izan. Izan ere, zer gerta daiteke gure Planetan energiaren neurrigabeko kontsumoaren ondoren? Kutsadura eta klima aldaketa, lehengaien agortzea, prezio igoera eta ondorioz pobrezia, gosea, osasun eza eta hainbat kasutan generoaren arabera areagotuta… eta dudarik gabe, ekosistemetan izango lukeen eragina ezin ahaztu.

Beraz, helburu guztien arteko lotura ulertaraztea izango da Iraurgi Berritzenek kontratatutako Artelatz S.L. enpresaren zeregina herriko ikastetxeekin batera, beti ere eskualde jasangarriagoaren alde.

IBILBIDE ENERGETIKOA

Aipatutako 8 ikastetxe horietan, ikasle zein irakasle ordezkariekin batera talde energetikoa  sortu dute.  Talde horiek, Artelatz enpresako hezitzaileekin eta zenbaitetan ikastetxeko atezainarekin batera, ikastetxe bakoitzeko ibilaldi energetikoa egin dute ikasturteko 2. hiruhilekoan. Ikastetxeetan egindako energia ibilbide hori hainbat guneetatik pasaz burutu da, ikasgelak, irakasle gelak, jangela eta galdara gela bisitatu dira. Helburua, energia kontsumo puntu desberdinak antzeman eta argi eta berogailuen funtzionamendua ezagutzea.

Ibilaldian zehar eta ondoren, datu bilketa burutu zen aparatu desberdinak erabiliz: ipar-orratza, termometroa, luxometroa, karbono dioxido neurgailua eta kontsumo neurgailua. Ikasleek, energia kontsumo eta beraien ohiturak aztertu zituzten. Aurreko ikasturteetan hartutako neurriak ezingo dira oinarri bezala hartu, egoera oso bestelakoa zelako. COVID-a zela eta, berogailuak piztuta eta leihoak zabalik mantendu baitziren askotan!

HURRENGO URRATSAK

Ikasleekin lau lan saio burutuko dira. Hurrengoa ikasturteko hiruhileko honetan eta azken biak, hirugarren hiruhilekoan. Jolasaren bidez energia iturrien berri izango dute eta bakoitzaren abantailak eta desabantailak aztertuko dituzte. Ikasleek argi izan behar dute ikastetxea argiztatzea eta berotzea gastua handia suposatzen duela eta denon artean zerbait egin dezakegula. Hori da aurreko bi ikasturtetan antzemandakoa eta aurten sakondu nahi dena. Denon artean ingurumenaren alde eginez eta herri jasangarriago bat eraikiz.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia