Garapen Agentziek eta aldundiak lehen aldiz lurraldeko ekonomia sustatzeko hitzarmena sinatu dute

2017-06-05

Tokiko Garapen Agentzi guztiek –tartean, Iraurgi Berritzen– eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ekonomia sustatzeko hitzarmena sinatu zuten ostiralean, lehen aldiz. Estrategiak ezartzeko, programak garatzeko eta tresna berriak sortzeko lankidetza eredu bat zehazten du hitzarmenak, eta 2021. urtera arte egondo da indarrean. Markel Olano diputatu nagusiak eta Garapen Agentzietako lehendakariek sinatu zuten dokumentua.

Olanoren arabera, “elkarlan hitzarmen honek etorkizuneko egoera sozio-ekonomiko berriari erantzungo dieten proiektu estrategikoen garapena ekarriko du”. Hitzarmenak lurraldeko eta enpresetako eragile eta tresnak bateratuta, lurralderako estrategikoak diren proiektuen garapena du xede. Gipuzkoa garatu eta kohesionatu bat izateko erakunde ezberdinen arteko elkarlana bultzatzen du. Horrela, bost alderdi kontuan hartzen dituen garapen eredu bat eskatzen du: alderdi ekonomikoa, alderdi sozio-kulturala eta instituzionala, alderdi politiko-administratiboa, ingurumenari dagokiona, eta zeharkako ardatz bezala pertsonen garapen integralari dagokiona.

Honako hauek dira hitzarmena sinatu duten agentziak: Beterri-Buruntza Udalak, Bidasoa Bizirik-Bidasoa Activa, Debagoienako Mankomunitatea, Debegesa (Deba Barrenako agentzia), Donostia Sustapena, Goieki (Goierriko Agentzia), Iraurgi Berritzen (Urola Erdiko agentzia), Oarsoaldea, Tolosaldea Garatzen, Uggasa eta Urola Kostako Udal Elkartea. 2013tik garatu den elkarlana da, eta Orkestraren laguntza ere izan dute.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia