ETEen lehiakortasuna hobetzeko programak eta proiektuak ezagutzeko, Garapen Elkarteak antolaturiko Webinarren zikloaren barruan, maiatzak 11an, Ihobe-k eta Iraurgi Berritzen-ek “Euskadiko ETE Zirkularra” programa eta “UrETEkoZituz” proiektua aurkeztu dituzte.
Iraurgi Berritzeneko zuzendariak, Begoña Beobidek, Agentzia 2020an Ekonomia ZIrkularrean lehen pausoak ematen hasi zenetik, gaur egunera arteko ibilbidearen berri eman du. Berak azaldu duenez, Iraurgi Berritzen 2020an hasi zen Ekonomia Zirkularreko aukerak identifikatzen Urola Erdiko balio kate nagusienetan, eta apostua egin zuen bailarako industria enpresak, beren produktu, zerbitzu, prozesuetan erabiltzen zituzten materialak hobetu, edota sortutako hondakinak murriztu eta aprobetxatzeko, besteak beste.
Ekonomia Zirkularrean aurreratzen joan ahal izateko interesa zuten enpresak identifikatu zituen: antolaturiko sentsibilizazio jardunaldien bitartez, beste programa edo arrazoi batzuk tarteko zirela egin ziren gerturapen ezberdinen bitartez, edota enpresa ezberdinek gai honen inguruan bizitako esperientzia ezberdinen sozializazioaren bitartez.
Aurten, Eusko Jaurlaritzak -IHOBE erakunde publikoen bidez- martxan jarritako Euskadiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa zirkularrari esker “Urola Erdiko ETEetan Ekonomia Zirkularra bultzatuz” proiektua jarri du abian Agentziak. Proiektu honen bitartez, Urola Erdiko makineria eta ekipoen sektoreko 6 ETEek Ekonomia Zirkularrari lotutako aukera eta merkatu-nitxo berriak identifikatu, baloratu eta lehenetsiko dituzte, eta aukera horiek bultzatzeko enpresako ekintza-plan indibidualak sortu.
Horretarako, B+I Strategy aholkularitza-enpresa adituaren laguntza izango dute, eta nazioartean erreferentzia diren metodologiak aplikatuko dira (SITRA eta Cambridgeko Unibertsitatea, besteak beste).