Gaur asteazkena, Urtarrilak 25, Iraurgi Berritzenek Biltzen -Gizarteratzea eta kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzua-rekin elkarlanean jardunaldi informatiboa antolatu du ondorengo gaiaren inguruan: Pertsona atzerritarren kontratazioarako oinarrizko legedia.
Bertan parte hartu dute eskualdeko UrolanEkin Sareko kide diren enplegu eta arlo sozialeko eragile ezberdinek: Lanbide, Sartu, Mugat, Azpeitia, Azkoitia zein Zestoako Udaletako Gizarte langileak, Kalexka, Azpeitia eta Azkoitiko Gazte Bulegoak, eta baita Iraurgi Berritzeneko, Enpresa, Ekintzailetza zein Enpleguko teknikariak ere.
Jardunaldiaren helburua, atzerritarren kontratazioari dagokionez, atzerritartasunaren esparru juridikoari buruzko hurbilketa eta ezagutza ahalbidetzeko oinarrizko tresnak partehartzaileei eskaintzea izan da.
Horretarako BILTZEN -Gizarteratzea eta kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuko adituak izan dira bertan. Partehartzaileek atzerritartasunari buruzko marko juridikoa ezagutzeko aukera izan dute, besteak beste, oinarrizko kontzeptuak, atzerritarren eskubide eta betebeharrak, lan egoitza eta baimenak, baimenen berritzea edo Aholku Sarea – Atzerritartasunaren arloko Arreta Juridikorako Euskal Sarearen inguruko hainbat xehetasun. Zalantza zein galderak argitzeko ere izan dute tarte bat.
Jardunaldia Gipuzkoako Foru Aldundiaren ElkarEKIN Lanean Estrategiari erantzuna ematen dion ekintza bat da, hain zuzen, enplegu inklusiboa sustatzea helburu duen Urola Erdia ElkarEkin Eraginez III – UE3 proiektuari.