Goi mailako zikloetan interesa duten bailarako gazteek Izarraitz Lanbide Heziketa-ko eskaintza ezagutzeaz gain, sektore desberdinetako enpresak bisitatzeko aukera izan dute IB Hezkuntza markoan

2022-03-23

Gaur, martxoak 23, Iraurgi Berritzenen Hezkuntza markoan eta Gerolan proiektuaren baitan, eskualdeko ikastetxeak eta Izarraitz Lanbide Heziketarekin elkarlanean Urola Erdiko Goi Mailako Zikloen eskaintza ezagutzeko jardunaldia ospatu da.

Ekimen hau, eskualdeko bigarren batxilergoko ikasleekin hausnarketa saioak egin eta ikasleen asmo nahiz interesak identifikatu ostean egin da. Guztira, 30 ikasle inguruk hartu dute parte gaurko dinamikan.

Jardunaldiaren helburua, batetik, Izarraitz Lanbide Heziketak goi mailako zikloetan duen prestakuntza-eskaintza ezagutzea izan da. Bestetik, berriz, ikasleen intereseko zikloen arabera, eskualdeko eragile sozioekonomiko baten errealitatea ezagutzeko aukera eskaintzea.

Hain zuzen ere, Izarraitzek eskaintzen dituen goi mailako ziklo bakoitzaren nondik norakoak jaso ostean, ziklo bakoitzak duen irteera profesionala ezagutu dute. “Administrazio eta Finantzak” zikloko interesatuak Abelur enpresara gerturatu dira, “Plataforma anitzeko aplikazioaren garapena” zikloan interesa dutenak Elkarmediara, eta “Mekatronika Industrialean” zein “Fabrikazio Mekaniko Produkzioaren Programazioan” interesa dutenak Ibarmiara. “Gizarteratzea” zikloan interesatuek, aldiz, Covid-19 protokoloa dela eta, ILH zentroan bertan egin dute dinamika.

Gerolan proiektuak Iraurgi Berritzenek dinamizatzen duen eragileen lankidetza sarean du jatorria eta eskualdeko bost ikastetxeetako orientatzaileekin elkarlanean garatzen da. Ekimenaren helburu nagusia ikastetxeetako orientazio plana indartzea da, eta, horretarako, hainbat lan ildo lehenesten dira. Hala nola, ikasleen orientaziora bideratutako hausnarketa dinamikak, eskualdeko errealitatea ezagutzeko sortutako orientazio-mapa edota beharren araberako bisitak edo hartuemanak eragile ezberdinekin. Gaurko lan saioaren ospakizuna azken lan ildo honetan kokatzen da.

{myFlickr}photoset_id=72177720297559602{/myFlickr}

 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia