Hainbat eragile ordezkari, irakasle, ikasle eta udal ordezkariak bosgarren urtez elkarrekin eraikitzen proiektuaren baitan lanean

2018-06-19
Elkarrekin eraikitzen

Proiektuak Iraurgi Berritzenek dinamizatzen duen eragileen lankidetza sarean du jatorria eta eskualdeko ikastetxeez gain hainbat eragilek hartu du bertan parte.

Aurten bosgarrenez landu da Elkarrekin Eraikitzen proiektua eta 2017-18 ikasturteari amaiera emateko ekitaldia ospatu zen Ekainak 19 asteartean Azkoitiko Elkargunean.

Elkarrekin Eraikitzen proiektuak ikaslea proiektuaren garapenean nahiz honek dakarren ikasketa prozesuan protagonista egiteaz gain hiru helburu nagusi bete ditu. Batetik, ikasleen artean ekintzailetzari lotutako balioak eta gaitasunak sustatzea du helburu; besteak beste, iniziatiba edo komunikazio gaitasuna. Lehen helburu hori bete ahal izateko, proiektuak irakasleei metodologia berritzaileekin esperimentatzeko aukera eskaini die. Proiektuaren 3. eta azken helburua, berriz, ikasleek eskualdeko egoera sozioekonomikoaren berri izatea da, etorkizunean lan munduan sartu aurretik dagozkien erabakiak ahalik eta informazio gehienarekin har ditzaten. Prozesuan zehar DBH 3 edo 4 mailako ikasleek hartu dute parte eta hauek talde txikitan bilduta, Iraurgi Berritzenek proposatutako 9 erronka erreal hausnartu eta landu dituzte.

Aurtengo edizioan eskualdeko 5 ikastetxek (Azkoitia BHI, Floreaga Salestar Ikastetxeak, Iraurgi Ikastetxeak, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak eta Urola Ikastolak) hartu dute parte eta proiektuaren koordinatzaile lanetan, berriz, Iraurgi Berritzen aritu da.

Jardunaldia, bi atal nagusitan antolatu zen. Lehenik eta behin, ikasleek ikasturtean zehar landu dituzten erronkak aurkezteko aukera izan zuten. Aurkezpenean, prozesuan zehar ikasitakoak eta euren bizipenak elkarbanatu zituzten bertaratuatakoekin. Bigarren zatian berriz, ikastetxe ezberdinetako ikasleek lagunduta mahaingurua egin zen. Bertan aipatu ziren ideien artean, “Ikastetxetik irten eta kanpoan dagoen errealitatea ezagutzeko aukera” eskaintzen duela azpimarratu zen. Era berean, prozesuaren garapenean zehar egin ohi dituzten bisitetan “eragileek esku zabalik” hartzen dituztela aipatu zen. Amaitzeko, balioan jarri zen proiektuak “interesen arabera taldean lan egin eta eragileen egunerokoa ezagutzea”.

Oro har, bosgarren edizioa oso positibo baloratu da eta izan dituen partehartze datuak ere arrakastatsutzat jo daitezke. Proiektuan zehar, 5 ikastetxe, 9 irakasle eta 180 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte. Horiez gain, prozesuan zehar ikasleek egin dituzten elkarrizketa eta azterketa lanetan 40 eragiletik gora hartu dute parte.

{myFlickr}photoset_id=72157697737959924{/myFlickr}

 

 

 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia