Gaur bildu da Azkoitian IB SAREA Kontseilua, eskualdearen eraldaketa sozioekonomikoa sustatzea helburu duen eremu sozioekonomikoen ordezkariez osaturikoa. Bilkuran, Urola Erdiko 2022-2027 Plan Estrategikoaren jarraipena izan da ardatz nagusia, eta egindako ibilbidea baloratzeaz gain, etorkizuneko norabideak lantzeko aukera ere izan da. Bileran zehar, sektore arteko hainbat elkarlan-proiektuen egoeraren berri ere aurkeztu da, besteak beste, industria, merkataritza eta turismo arloen artean garatutako ekimenak.
Planaren jarraipenaren baitan jasotzen diren 60 ekintzen inguruan, orain arte garatutako ekintzen egoera mailaren berri eman da, eta nabarmendu da guztiak abian daudela, konpromiso maila handia erakutsiz. Hala ere, azpimarratu da hurrengo pausua jardueretatik emaitza eta inpaktu handiagoak lortzera bideratzea dela helburua.
Saioaren baitan, parte-hartzaileekin dinamika bat garatu da, helburu estrategikoen garapen-maila kontrastatzeko eta etorkizuneko ekintzak aberasteko. Dinamika horretan, hainbat proposamen jaso dira, besteak beste, proposatutako ekintzen inguruan, hala nola, kontziliazioa eta berdintasuna sustatzeko neurriak, baita unibertsitateekin lankidetza areagotzeko proposamenak ere, pertsonen kualifikazioa indartu eta ezagutza transferitzeko helburuz.
Bestalde, Enplegu eta Tokiko Garapen Planen inguruko aurrerapenak ere partekatu dira, eta horien garapenerako aurreikusitako egutegia eta lan-ildo nagusiak azaldu dira.
IB SAREA Kontseiluak berretsi du lankidetzazko gobernantzaren garrantzia, eta eskualdeko eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlana indartzen jarraitzeko konpromisoa azaldu du, erronka partekatuei erantzun eraginkorrak emateko.