IB SAREAren XXIII. Topaketetan klima-aldaketa mahai gainean

2026-01-30
Tokiko Garapena

Urtarrilaren 30ean, IB SAREAren XXIII. Topaketak ospatu dira Loiolako Gogartetxean, eskualdeko eragile sozioekonomikoen parte-hartze zabalarekin. Aurtengo edizioan, Urola Erdiko etorkizunerako funtsezkoa den gai bati heldu zaio: Klima Aldaketaren eragina Urola Erdian.

Topaketak Nagore Alkorta, Azpeitiko alkate eta Iraurgi Berritzeneko lehendakariaren ongietorriarekin hasi dira. Alkateak azpimarratu du klima-aldaketaren aurrean tokiko erakundeek eta eragileek duten erantzukizuna, eta elkarlanaren garrantzia nabarmendu du erronka honi modu eraginkorrean erantzuteko.

Jarraian, Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendariak UE 22-27 Ekintza Planaren garapen-mailaren berri eman du, plan horrek eskualdearen garapen jasangarria bultzatzeko duen eginkizuna azalduz. Ondoren, Elisa Sainz de Murieta, EHUko eta BC3ko ikerlariak, hitzaldi inspiratzailea eskaini du, klima-aldaketak lurralde mailan dituen ondorioak eta erronkak aztertuz.

Topaketen baitan, Urola Erdiko Energia eta Klima Mahaiaren lanketa ere aurkeztu da, Joanes Amenabar (Azpeitiko zinegotzia) eta Imanol Arrizabalaga (Azkoitiko zinegotzia) ordezkarien eskutik. Era berean, Aitziber Agirrek, Elhuyarreko Kultura Zientifikoaren arloko arduradunak, “Urola Erdia Ispiluaren aurrean” proiektua aurkeztu du, eskualdeko errealitatearen inguruko hausnarketa partekatua sustatzeko helburuarekin.

Ekitaldiaren amaieran, klima-aldaketaren eragina Urola Erdian murrizteko neurrien inguruko elkarlan-dinamika burutu da. Dinamikaren baitan, klima-aldaketari lotutako bost lan-bloke jarri dira mahai gainean: garraioa eta mugikortasuna, energia, natur baliabideak, elikadura, hondakinak eta ekonomia zirkularra. Aurkeztutako bost lan-bloke hauetatik ondorengo hiru lan ildo hauek lehenetsi dira eskualdeko eragileen ekarpenak eta adostasun maila oinarri hartuta:

  1. Garraio-planen garapena eta distantzia txikietarako mugikortasun aktiboaren eta ohitura-aldaketaren eraldaketa kulturala
  2. Energia-berriztagarrien sorkuntza areagotzea
  3. Bertako elikagaien kontsumoa areagotzea

Lehenespen horiek izango dira datozen hilabeteetan klima-aldaketaren aurrean eskualde mailan garatuko diren elkarlan-proposamenen abiapuntua.

Topaketei amaiera emateko, Ana Azkoitia Azkoitiko alkate eta Iraurgi Berritzeneko lehendakariordeak hitza hartu du, eskualde mailan elkarlanean jarraitzeko beharra azpimarratuz.

IB SAREAren XXIII. Topaketek agerian utzi dute klima-aldaketaren erronkari aurre egiteko ikuspegi partekatua eta ekintza errealak bultzatzeko beharra, eskualdeko eragileen arteko lankidetza oinarri hartuta.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia