“KLINK Gune” lan lerroaren baitan, aurtengo III. Kafe Tertulia ospatu genuen azaroak 22an.
Oraingoan, emozioen kudeaketaren gaia jorratu nahi izan genuen eta horretarako, Leire Olaberria, txirrindulari profesionala, beldurrak eta garapen personalaren inguruan aritu zitzaigun.
Bere esperientzia profesionaletik abiatuz, bere bizipenak partekatu zituen gurekin eta egia esan interesgarria ezezik, unkigarria izan zen. Bereziki garrantzia eman zion, edozein lorpenetarako helburu bat edukitzearen gaiari, “helbururik gabe ez goaz inora”, esan zigun. Bestetik, ekintzaileak izan behar duen autokritikarako gaitasunaz aritu zen.
Beldurren inguruan ere mezua garbia izan zen, “beldurra gainditzeak ematen duen motibazioa gakoa da edozer helburu lortzeko”. Garapen pertsonalaren gaiarekin lotuta, ez gaudela prestatuta porroterako ere esan zigun, baina ezta ere gehiegizko arrakastarako ere.
Laburbilduz eta ekintzaileei mezu bat eman beharko bagenie Leirek esandakoetatik, garbia da, helbururik gabe ez dago norabiderik eta motibaziorik gabe ere ez, eta horretarako beldurrak gainditu behar dira, eta ibilbide guzti honetan beti norbait behar dela bidelagun (bikote, ama, anaia, …..) adierazi zigun.
Sarrerakoaren ondorengo tertuliari dagokionez, oso gertukoa izan zen eta bertaratuak oso gustora aritu ziren, eta beraien kezkak eta hausnarketak partekatzeko aukera izan zuten Leirerekin, kafetxo baten bueltan. Primerako esperientzia.
URKOME eta IRAURGI BERRITZEN dira ekimen honen sustatzaileak, eta KIROLGIri esker, Leire Olaberriarekin izateko aukera izan genuen.