Enpresa Guneko ordezkariek identifikatutako behar eta proposamenei erantzuteko asmoz, Ikasiz Programaren baitan, “Enplegu Inklusiboa” izan dute ardatz atzo, apirilaren 29an, ospatutako jardunaldian.
Bertan eskualdeko, 8 enpresetako ordezkariek hartu dute parte. Besteak beste, Sidenor Group, Domusa Coop, Elmubas, Elkarmedia, Berritek, Sammic, Astigarraga Kit line, Alberdi Mekanizatu Lanak, eta IBko lan taldea.
Horrez gain, gai honetan adituak diren Gureak-eko Maore Escudero, Katea Legaia-ko Cristina Matilla eta Sartu-ko Marta Senz-en aurkezpenak izan dira entzungai; baita eskualdeko ondorengo enpresen esperientziak ere, Aitor Gil (Astigarraga Kit Line), Patxi Landa (Sammic) eta Imanol Alberdiren (Alberdi Mekanizatu lanak) eskutik.
Eskualdeko enpresen artean enplegu inklusiboaren inguruko sentsibilizazioa eta difusioa egitea izan dira, besteak beste, saioaren helburuak. Pertsonen eta perfil dibertsitatearen ezaugarriak enpresekin partekatu, ardura sozialaren ikuspegitik, eta persona horien kontrataziorako dauden aukera, laguntza eta programak aurkeztu dira. Bestalde, aurrez aipatutako eskualdeko enpresen bizipen zehatzak partekatu eta horien inguruan sortzen diren zailtasun eta onurei buruz solasaldia egin da.
Elkarrizketan, galderak eta ekarpenak egiteko aukera izan dute partehartzaileek eta oso balorazio positiboa jaso da. Hori horrela izanik, elkarlanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute, elkarren arteko bisitak egiteko eta enpresa berrietan interesa agertu da lanpostuen balorazio bat egiteko.