IRAURGI BERRITZEN eta TECNALIAk elkarlaneko hitzarmena sinatu dute

2014-07-08

Urola bailarako enpresa sareen gaitasun teknologikoak bultzatzeko asmoz, batez ere enpresa txikienei zuzenduta, hitzarmena sinatu du Iraurgi Berritzenek TECNALIA ikerketa-zentroarekin, beste garapen agentzi batzuekin batera. Asteazkenean sinatu zen hitzarmena eta bertan izan ziren besteak beste, Tecnaliako zuzendari nagusia Joseba Jauregizar, Eneko Etxeberria Iraurgi Lantzeneko lehendakaria eta Azpeitiko alkatea eta Jexus Agirre, Iraurgi Berritzeneko zuzendaria.

Eskualdeko enpresen benetako beharrei ahalik eta ondoen erantzutea eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko gaitasun teknologikoak enpresetara gerturatzea, gaitasun horiek aprobetxa eta balioa emateko, hori da hitzarmenaren helburu nagusia. Horretarako, funtsezkotzat jo da ikerketa-zentroen eta garapen-agentzien gaitasunak batu eta elkarlanean aritzea.

Aurreikuspenen arabera, lankidetza bi urtekoa izango da, eta metodologia zehatz bat erabiliko da, “Opportunity Map” deritzona. Prozesua lau faseetan garatuko da: lehenik, eskualdeko gaitasunak aztertuko dira, haietako bakoitzaren lehentasunak ezartzeko eta bakoitzak zer ekoizpen-sare duen jakiteko; bigarren, prozesuan parte hartzeko interesa duten enpresak bilduko dira; hirugarren, negozio-aukera berriak identifikatu eta garatuko dira: eta, azkenik, jarduera ekonomiko berria ezarriko da.

Testuinguru ekonomikoa

Eustat-en datuen arabera, 2013an 180.000 enpresa-establezimendu zeuden Euskadin; horietako 62.000, Gipuzkoan. Zenbateko hori %14 jaitsi zen 2008koarekin alderatuta; hain zuzen ere, urte horretan hasi zen krisia, eta urte horretan iritsi zen enpresa-sarea mailarik gorenera Gipuzkoan, industria-sektoreen eta atzerrikoekin burututako jarduera komertzialen arrakasta zela eta.

Gaur egun, krisiak eragin bortitza izan du gure herrian, azken datuen arabera, langabezia tasa %13,9koa da Azpeitian eta %12,90 Azkoitian, horregatik, honelako ezagutza eta ikerketa lanak onuragarriak dira. “Gure bailarara ezagutza teknologikoa, teknologia, gerturatu nahi dugu” adierazi du Eneko Etxeberriak, “abian ditugun tresnekin batera edozein proiektuk behar dituen ezagutzak gertuago izateko, horregatik edonork, hitzarmenaren hedatzeko egingo den lanaz gain, ateak irekita dauzka gai honen inguruko aholkularitza jasotzeko gure ofizinetan”.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia