Iraurgi Berritzen sareko 9 enpresa salmenta prozesuen hobekuntzan kapazitatu dira proiektu pilotuen aplikazio bidez

2020-12-18

Abenduak 17, ostegunean egin den lan bilera telematikoarekin amaiera eman zaio Ikas-Ekin lerroaren baitan garatu den “Salmenta arloa enpresan” bideratu den kapazitazio prozesuari. Ekimenean, kanpo adituen partehartzea izan da eta kasu honetan salmenta prozesuetan aditua den “Grupo Bentas” aholkularitzako Silvia Angueira-k hartu du parte.

Garatu berri den kapazitazio prozesuak, eskualdeko enpresetan orain zenbait hilabete hauteman zen behar bati erantzuna ematea izan du helburu, eskualdeko industria enpresetan arlo komertziala lantzea hain zuzen ere. Kapazitazio prozesuak, bi eremutan eragin nahi izan du. Batetik, personen ezagutza eta gaitasunak sakondu nahi izan dira eta bestetik, enpresarentzat baliagarriak izan daitezken kontzeptu eta tresnak praktikan jartzeko ahalegina egin da.

Erabilitako metodologiari esker, enpresa parte-hartzaileek hobekuntza-proiektu pilotu zehatzak aplika ditzakete, identifikatutako beharrizanen arabera. Gainera, metodologiak aukera ematen die enpresei prozesuan zehar eskuratutako esperientziak eta ikaskuntzak partekatzeko.

Ekimenean, oro har, eskualdeko 9 enpresa ezberdinek -Alberdi Mek, Berritek, Calderería CPK, Doitze Mekanizatuak, Ekintza Mekanizatuak, Larra Mekanizatuak, Onelan Mekanizatuak, Talleres Mecánicos Tau eta Zubiola- hartu dute parte eta amaierako lan bileran ebaluazio positiboa egin da. Besteak beste, balioan jarri dira “prozesuan enpresen behar eta nahietara egokitzeko egin den ahalegina”, “prozesuan zehar landu diren kontzeptu eta tresnen aplikagarritasuna” nahiz “enpresa partehartzaile ezberdinen artean esperientziak partekatu eta harremanak egiteko” sortu den aukera.

Amaitzeko, Iraurgi Berritzenek, 2021-ari begira arlo ezberdinetan antzeko beste zenbait kapazitazio prozesu abian jartzea aurreikusten du.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia