Ignaziotar Lurraldeko baliabide turistikoen digitalizazioa da Gipuzkoa Turismoaren mugarrietako bat 2022rako, Elkanoren mundubiraren mendeurreneko ospakizunekin batera.
Begoña Beobide Iraurgi Berritzen-eko Zuzendaria Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Garapen Diputatuaren alboan izan da FITUR nazioarteko Turismo azokan 2022rako Gipuzkoa Turismoak dituen lan lerro eta mugarri nagusiak aurkezten.
Ignaziotar Urtearen baitan kokatzen den berrikuntzaren arloko proiektu bat ari dira garatzen Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo departamentua eta Iraurgi Berritzen Urola Erdiko berrikuntza eta garapen agentzia elkarlanean, Ignaziotar Lurraldea 360º proiektua bezala izendatua izan dena . Ignaziotar Lurraldeko (Urola Erdia, urola Garaia eta Debagoiena eskualdeak) baliabide turistikoen digitalizazioa du ardatz proiektu honek eta hau da hain zuzen Gipuzkoa Turismoaren mugarrietako bat 2022ari begira.
Ignaziotar Urtearen testuinguruan garatu da proiektu hau 2021-2022 urteetako ospakizunen baitan, baina ez da inola ere une puntual honetara mugaturiko proiektua baizik eta denboran irauteko bokazio argia duen proiektua da.
Turismo baliabideak eta ondarea balioan jartzeko ohikoak diren euskarri fisikoen (mapak, folletoak…) digital formatuko analogo bat sortzea izan da oinarrizko ideia eta hasera puntua, gizarte digitalaren kontsumo ohituretarako egokia.
HD360º argazkiak eta multimedia formatuko narratiba eta kontakizunek osatzen dute garapen fasean dagoen proiektu hau, ondarea jendearengana modu erakargarrian iritsi ahal izateko helburuarekin.
2022ko apirilean proiektua amaitutzat eman eta publikoari zabaltzea da aurreikuspena, eta gaurkoan FITURen ikusentzunezko baten bidez aurkeztu dena azken produktua izango denaren aurrerapen bat izan da.