Irailaren 17an Azpeitian egingo den jardunaldia, eskualdeko industria-enpresen trantsizio digitala bultzatzeko Iraurgi Berritzenen estrategiaren baitan kokatzen da.
Urola Erdiko industria-enpresek aukera izango dute Adimen Artifizial Sortzaileak (AA) eskaintzen dituen aukerak modu praktikoan ezagutzeko datorren irailaren 17an, goizeko 9:00etatik 12:00etara, Azpeitiko Basazabal jauregian egingo den saioan.
Tailer hau “Ezagutu nola aplika dezakezun AA sortzailea zure industria-enpresan” izenburupean egingo da, eta Digitalentu-ko Álvaro José Zevallos izango da hizlaria. Bertan, parte-hartzaileek tresna erabilgarriak, aplikazio estrategiak eta tokiko kasu errealak ezagutzeko aukera izango dute.
IBARMIAren eskutik hain zuzen, AA Sortzailea egunerokoan integratzeko jarraitu duten ibilbidea ezagutuko dute, aplikazio zehatzak eta erakundeak inspiratu ditzaketen ikaskuntza nagusiak.
Testuinguru estrategikoa: trantsizio prozesuak bizkortzen
Saio hau, Iraurgi Berritzenen enpresei eraldaketa prozesuetan laguntzeko estrategiaren barruan kokatzen da, lehiakorragoak eta etorkizunerako hobeto prestatuta egon daitezen. Agentziak martxan jarri duen egitasmo estrategikoak eskualdeko ETE industrialei lagunduko die trantsizio ekologiko, soziodemografiko eta teknologiko-digitalera egokitzen. Hori lortzeko, bi dinamika garatu ditu:
- Ikasiz, sentsibilizaziorako saioak eskaintzen dituena, eta
- Ikasekin, laguntza pertsonalizatuan oinarritzen dena.
Irailak 17ko saioa Ikasiz dinamikaren barruan antolatu da, eta AA sortzailea aplikatu bahi duten industria arloko enpresei zuzentzen da.
Parte-hartzaileek lortuko dutena :
- AA sortzailearen oinarrizko funtzionamendua eta aplikazio esparruak ulertzea
- Industria-prozesuetan erabilitako kasu errealak ezagutzea
- Arlo funtzionaletan erabilgarriak diren tresnak identifikatzea
- Aplikazioa hasteko estrategia praktikoak jasotzea
- Tokiko esperientzien bidez ikaskuntza partekatua
Izen-ematea irekita dago
Parte hartzea doakoa da, baina izen-ematea ezinbestekoa da. Enpresa industrial interesatuek esteka honetan eman dezakete izena: Ikasiz_Irailak 17
Honako lotura honetan, ekimenari buruzko informazio gehiago eskura daiteke, baita etorkizuneko trebakuntza saioetan edo hiru trantsizioetako edozeinetan (ekologikoa, soziala, teknologiko-digitala) kokatutako proiektuetan izena eman ere. Iraurgi Berritzenek bultzatzen dituen hiru trantsizioetako ekimenak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek finantzatzen dituzte.
