Iraurgi Berritzenek bi urteko hitzarmena sinatu du Aldundiko Ingurumen Sailarekin, Agentziarekin duen konpromisoa berretsiz

2022-05-27

Sinadura horrek 2023ra arte Energia Plana Urola Erdian gauzatu ahal izatea ekarriko du.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian maiatzaren 23an egindako ekitaldian, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Nagore Alkorta, Iraurgi Berritzeneko Lehendakariak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, 2023ra arte Urola Erdiko eskualdean energia-plana gauzatu ahal izateko.

Iraurgi Berritzenek urteak daramatza Urola Erdiko energia-plana lantzen, orain arte Aldundiko Ingurumen Sailarekin urtero sinatzen duen hitzarmenei esker.
Aurten, Aldundiak bultzatutako berrikuntza gisa, bi urteko hitzarmen bat sinatu da, Garapen Agentziekin duten konpromisoa berresteko.

Honako ekintza hauek egingo dira 2022-2023 urteetan.

Alde batetik, Energia Mahaiak 2022. urtean orain zortzi urte egin zen Eskualdeko Energia Plana berrikusteko asmoa du; bereziki, “komunitate energetikoetan” oinarrituta.
Bestetik, sektore publikoan energia-eraginkortasuna hobetzeko azterlanak egingo dira eskualdeko hainbat eraikinetan. Horrez gain, sektore pribatuan ere energia-eraginkortasuna hobetzeko azterlanak lantzeko asmoa du mahaiak; konkretuki, herriguneko etxebizitza edo eraikinetan.

Gainera, 2022-2023 urteetan, Tokiko gaitasunak (hezkuntzakoak, teknologikoak, ekoizpenekoak eta zerbitzuetakoak) dinamizatzea eta orientatzeari dagokionez, energia-aurrezpenaren, energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien baitan, ondorengo hiru proiektu landuko dira:

  • Hezkuntzan, Euronet 50/50 proiektuari jarraipena eman nahi zaio, berregituratuta. Proiektu horien helburua hezkuntza-komunitateetan ohitura jasangarrien inguruan kontzientziatzea eta ohitura horiek sustatzea da, energiaren eta uraren kontsumoaren inguruko jokabideak aldatzeko asmotan.
  • Industria arloan, aurrezki eta efizientzia energetikoa, eta autokontsumoa energia berriztagarrien bidez landuko dira, eskualdeko zenbait enpresei zuzenduta.
  • Azkenik, Energia Bulego bat ezartzeko lehenengo pausoak eman nahi ditu Urola Erdiko Mahaiak, eta horretarako, bideragarritasun plan bat lantzen hasiko da.
iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia