Iraurgi Berritzenek, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin elkarlanean, gaur goizean aurkeztu die eskualdeko enpresei Azpeitiako Basazabal Jauregian, enpresa txiki eta ertainentzako prestatutako 2021eko laguntza-plana.
Bertan, hogeita hamar enpresa baino gehiagok parte hartu du, bertatik edo streaming bitartez, programa bakoitzaren inguruko xehetasunak ezagutuz.
SPRI Taldeko Zuzendari Nagusi Aitor Urzelaik, Leyre Madariaga, Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendariak, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendari Mikel Amundarainek, BTI – Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren zuzendari Ainhoa Ondarzabalek, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari Iñigo Ansolak, Ihobe-ko zuzendari Alex Botok, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Javier Plasenciak bakoitzari dagokion arloko programa zehaztu dute, enpresek beren beharretara ondoen egokitzen dena aurkitu dezaten.
2021eko enpresa txiki eta ertainentzako laguntza-planak 68 programa biltzen ditu —433 milioi euroko aurrekontuarekin—, kalitatezko enplegua sortuz ekonomia suspertzeko helburuarekin eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko garapen jasangarria ere kontuan hartuz. Laguntzen % 40 I+G+b programetara bideratuko da, baina, besteak beste, berrikuntzarako, eraldaketa digitalerako, industria garapenerako, nazioartekotzeko, ekintzailetzarako, energia-kudeaketarako eta ekonomia zirkularrerako laguntzak ere emango dira.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, COVID-19ak eragindako pandemiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomian %9,5eko jaitsiera eragin du, eta hiru lurralde horietako langabezia tasa %11,2 da. Hori dela eta, Ekonomiaren Garapen Sailak azpimarratu du ekonomia suspertzen eta enplegua sortzen laguntzeko lanean ari dela.
Informazio gehiago: katalogo digitala
—
Atxikitako argazkian, ezker eskubi:
- Javier Plasencia, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria
- Ainhoa Ondarzabal, BTI – Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren zuzendaria
- Mikel Amundarain, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendaria
- Begoña Beobide, Iraurgi Berritzeneko zuzendaria
- Aitor Urzelai, SPRI Taldeko Zuzendari Nagusia
- Leyre Madariaga, Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendariak
- Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria
- Alex Boto, Ihobe-ko zuzendaria
{myFlickr}photoset_id=72157719176052118{/myFlickr}