Otsailak 21ean Urola Erdiko Enpresa Gunea osatzen duten enpresa ordezkariak bildu ziren Iraurgi Berritzenen eskutik, enpresei zuzenduriko proiektu eta egitasmoak konpartitu eta aztertzeko bere sorreran adostu moduan.
Lan bileran talde teknikoak aurkeztu zituen 2018an eskualdeko enpresei zuzenduriko hainbat proiekturen helburu eta ezaugarri. Ikasiz programaren kasuan, proposamen desberdinak aztertu ondoren enpresen interesen araberako ekintzak erabaki ziren. Lan lerro nagusiak honakoak dira:
- Kapazitazioa. Enpresetan formakuntza eta esperientzien trukaketa.
- Lehiakortasuna. Ureraldatuz II (Gestio ereduen eraldaketa) eta Berrikuntza teknologikoa.
- Diru laguntzen bitartekaritza.
- Proiektu estrategikoak: Hornitu III; Harremantzen 4.0; Ur3dtzen II; Industria 4.0.
- Enplegua enpresetan. Enpresen lan eskaintza eta praktika beharrak jaso eta kudeaketa.
Enpresei zuzenduriko proiektuez gain, eskualdeko beste eragileekin elkarlanean garatzen ari diren egitasmoen jarraipena ere egin zen bileran, azken Topaketetan jasotako proposamenak aztertuz.
Enpresa eta enplegu eragileen arteko elkarlana: lan eskaintzak eta proiektu amaierako gazteak erakartzeko abian jarri berri den egitasmo berria, bertako gazte kulaifikatuak erakartzeko eskualdeko enpresetara.
Enpresa eta Lanbide Heziketa artean: Urola Lanbide Eskolarekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zen bileran, etorkizunean formakuntza modulo eskaintza berrien eskaera bultzatzeko laguntza berretsiz.
Enpresa eta Ikastetxe artean elkarlan programa berria jarriko da martxan, ikastetxe bakoitzeko enpresa talde bat osatuko da elkarlan horren bidelagun, beraien arteko bisita eta interesko ekintzak antolatzeko.