Iseak Fundazioak eta Lan eta Enplegu Sailak enpleguaren etorkizunaren inguruan antolatu duen nazioarteko topaketan parte hartu du Iraurgi Berritzenek

2023-02-17

  • David Card Nobel Sariak hasiera eman dio Sara de la Ricak Enpleguaren Liburu Zuria aurkezteko ekitaldiari.
  • Europako Batzordeak, Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Udalek beren ikuspegia eta ekimenak azaldu dituzte, trantsizio handien aurrean aukerak eskaintzeko.

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak eta Iseak Fundazioak WORKINLan Summit-Enplegua etorkizuneko Euskadin izeneko nazioarteko bi jardunaldi antolatu dituzte, Euskadik epe labur eta ertainean beharko duen enpleguari buruz eztabaidatzeko, hausnartzeko, aztertzeko eta proposamenak egiteko. Horretarako, Europako Batzordeak, Espainiako Gobernuak, Foru Aldundiek eta Udalek parte hartu dute, bai eta esparru zientifiko eta akademikoko pertsona ospetsuek ere, hala nola Ekonomia Nobel Saria 2021, David Card. Topaketak interes handia sortu du eta, bertan 600 pertsona baino gehiagok parte hartu dute, horien artean izan direlarik Iraurgi Berritzeneko Enplegu eta Prestakuntza arloko teknikariak ere.

Bilerak otsailaren 16an eta 17an egin dira, Bilboko Euskalduna Jauregian, eta Euskadiko Enpleguaren Liburu Zurian dute jatorria. Iseak Fundazioak egin zuen iaz, Lan eta Enplegu Sailak proposatuta, eta “Euskadin enpleguaren iragana, oraina eta etorkizuna ulertu nahi ditu, batez ere aurrean dituen erronka handiei erreparatuta: trantsizio demografiko, teknologiko eta klimatikoak”, Sara de la Rica fundazioko eta proiektuko zuzendariaren hitzetan.

Liburu hori WORKINLan Summit-eko parte-hartzaileei eman zaie, eta gaurtik aurrera eskuragarri egongo da erakunde eta pertsona interesdun guztientzat. Hausnarketa-esparru bat proposatzen du, euskal gizarte osoarentzat produktibitatea eta kalitatezko enplegua sustatzeko neurri zehatzak bideratzeko, eta, bereziki, aldaketa sakon horiek ematen dituzten aukerak baliatzeko, ez soilik enplegu gehiago eta hobea sortzeko, baizik eta baita “hain desberdina ez den eta bidezkoagoa eta ekitatiboagoa den gizarte bat eraikitzeko” ere.

Horretarako, iturri eta erreferentzia zientifiko ugari izan dira, eta horietako batzuek ekitaldian parte hartu dute, hala nola David Card Ekonomiako Nobel Saria. Saridun horrek topaketa akademikoa ireki du “Ikerketa ekonomikoa eta politikak: Immigrazioa eta gutxieneko soldata” hitzaldiarekin. Saio horretan bertan, eta Liburu Zuria azaldu ondoren, hiru mahai-inguru egin dira, trantsizio energetiko-klimatikoari, demografikoari eta digitalari buruzko teoria eta praktika kontrastatzeko, eta horiek enpleguan duten eraginaz.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia