Izan Ekintzaile! proiektuaren lan taldea bildu da eta aurtengo ikasturterako ekintzak lehenetsi eta planifikatu dira. Ekimen hau DBH 4 eta Batxilergo 2. mailako ikasleei zuzendurik dago, eta bi helburu nagusi ditu: batetik, ikasleen artean ekintzailetzari lotutako balioak eta gaitasunak sustatzea, eta bestetik, eskualdeko ekintzaile errealen bizipenak eta jarduerak ezagutzera ematea.
Lan bileran, aurreko ikasturtean identifikatutako hobekuntza lerroak adostu dira. Prozesua etengabe hobetze jarraitzeko asmoz, irakasleentzako gida aurkeztu da eta ikasleen proiektuak bistaratzeko ekintza desberdinak martxan jarriko dira.
Proiektua laster abian jartzea aurreikusten da, eta bi ekintza nagusi garatuko dira eskualdeko ikasleekin. Lehenik, lan saio bat egingo da ekintzailetza jardueren inguruko sentsibilizazioa lantzeko. Bigarrenik, proiektuari amaiera emateko, eskualdeko ekintzaileen esperientziak gertutik ezagutzeko eta haiekin harremanak izateko aukera emango duen lan-saioa antolatuko da.