Izan Ekintzaile! proiektuaren lan taldea bildu da 2025-2026 ikasturterako ekintzak lehenesteko eta plangintza adosteko. Ekimen hau DBH 4 eta Batxilergo 2. mailako ikasleei zuzendurik dago, eta bi helburu nagusi ditu: batetik, ikasleen artean ekintzailetzari lotutako balioak eta gaitasunak sustatzea, eta bestetik, eskualdeko ekintzaile errealen bizipenak eta jarduerak ezagutzera ematea.
Bilera honetan, aurreko ikasturtean ikastetxe bakoitzak txertatutako hobekuntzak aurkeztu dira, eta esperientzia horietan oinarrituta, praktika onen gida osatuko da. Gida honek proiektua garatzen duten irakasleei erreferentziazko baliabidea eskainiko die, ekintzailetza hezkuntza ikuspegitik modu eraginkorragoan lantzeko.
Halaber, ikastetxe desberdinetako irakasleek azaldu dute nola gauzatzen duten proiektua beren ikasgeletan, eta euren esperientziak eta lan egiteko moduak partekatu dituzte.
Proiektua laster abian jarriko da, eta aurten ere bi jarduera nagusi garatuko dira:
- Ekintzailetzaren inguruko sentsibilizazio-saioa, ikasleen jarrera ekintzailea pizteko eta beren ideiak lantzeko.
- Eskualdeko ekintzaileen esperientzien elkartrukea, non ikasleek benetako esperientziak gertutik ezagutuko dituzten eta euren proiektuak partekatzeko aukera izango duten.
