Jardunaldi zikloa Merkataritzan. Erretiroa eta negozioen balorazioa

2018-10-26

Urola Erdiko merkataritza mahaiak, eskualdeko merkatariei bideratuta, erretiroa eta eskualdaketa gaiaren inguruan 2 jardunaldi informatibo antolatu ditu azken asteetan.

Jardunaldi zikloa 2 saio ezberdinetan egituratu da eta lehenbizikoa irailaren 27an ospatu zen. Lehen saioak, “Erretiroa merkataritza sektorean” izenburuarekin, merkatarien erretiroa izan zuen hizpide eta bertan, erretiroa egoki kudeatzearen garrantzia aurkezteaz gain, kontutan hartu beharreko aldagai eta xehetasunak azaldu ziren. Urriaren 25ean berriz, negozioen balorazio ekonomikorako irizpideak nahiz hauen eskualdatzean aintzat hartu beharreko xehetasunak aurkeztu ziren. Jardunaldiak “Negozioen balorazioa eta eskualdatzea merkataritza sektorean” izenburua izan zuen.

Bi jardunaldietan, kontzeptu teorikoez gain egoera praktiko eta errealak aurkezteko ahalegina egin zen eskualdeko merkatari ezberdinen zalantza eta kezka ezberdinei erantzuna eman nahian. Bi jardunaldietan Eunate Llona PKF Attest aholkularitza enpresako teknikaria izan zen hizlaria.

Bi saioak Azpeitiko Sindikatu Zaharrean ospatu ziren eta gaian interesa zuten eskualdeko merkatariei zuzendu ziren jardunaldiak. Saio bakoitzean, eskualdeko 30 merkatari inguruk hartu zuen parte.

Oro har, hitzaldi zikloaren balorazio oso positiboa egin du Urola Erdiko merkataritza mahaiak. Saio bakoitzean, eskualdeko 30 merkatari inguruk hartu dute parte eta gaiak egun duen garrantzia bistaratu da bi jardunaldi informatiboen bitartez. Datozen hilabeteetan eragile ezberdinek lankidetzan gaia lantzen jarraitzea aurreikusten da.

UROLA ERDIKO MERKATARITZA MAHAIA:

Azkoitiko Udala, Azpeitiko Udala, Zestoako Udala, Dendartean – Gipuzkoako merkatari, ostalari, zerbitzu enpresa eta autonomo elkarteen bilkura-, Herrixen –Azkoitiko Merkatarien Elkartea-, Bertan –Azpeitiko Merkatarien Elkartea, Zestoan –Zestoako Merkatarien Elkartea- eta Iraurgi Berritzenek –Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentzia- osatzen dute eskualdeko merkataritza mahaia.

Gune honek, eragile kideen artean lankidetza proiektuak garatuz, eskualdeko merkataritza txikia sustatzea du helburu eta azken hilabeteetan ekimen ezberdinak jarri ditu abian. Besteak beste, eskualdeko kontsumo ohiturak ezagutzea helburu zuen “MerkaUrola” azterketa edota eskualdeko merkataritza sustatzeko abian jarri zen sentsibilizazio kanpaina. Datozen hilabeteetan, Urola Erdiko merkataritza mahaiak lankidetzan beste zenbait lan lerro lantzen jarraitzea aurreikusten du.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia