Alor ezberdinetako eragileek osaturiko IB Sarea Kontseiluan orain arte egindako zein aurrera begira gauzatuko dituzten ekintzen jarraipena egin dute elkarlanean.
Elkarrekin Urola Erdia Eraldatzen 2022 – 2027 Hausnarketa Estrategikoko zereginetako bati erantzunez, gaur, uztailak 18, bildu da IB Sarea kontseilua Azpeitiko Basazabal Jauregian. 7 lan eremu desberdinetako (enpresa, enplegua, ekintzailetza, hezkuntza, merkataritza, turismoa eta tokiko garapena) ordezkari publiko zein pribatuek osatutako gune estrategikoa da hain zuzen eta bere helburua elkarrekin eskualdearen eraldaketa sozioekonomikoa sustatzea da.
Bileraren lehen zatian, Plan Estrategikoan adostutako Ekintza Planaren jarraipena egin da, bertako ekintzen egoeraren berri emanez.
Ondoren, 5 proiektu hauen egoera aurkeztu da:
- Turismoko Plan Estrategikoa: Turismo Gunea osatzen duten eragileek, 2025-2027 epealdian exekutatuko den eskualdeko Turismoko plan Estrategikoa onartu dute.
- Ekintzailetza: Balio kate estrategikoetan oinarritua, negozio aukerak identifikatzea helburu duen proiektua abian jarri da Hausnarketa Estrategikoko ekintzailetza estrategiari erantzunez.
- Eskualde posizionamendua: Urola Erdia eskualde erakargarria bihurtzeko helburuz ekintza ezberdinak exekutatu dira eskualdeko enpresa nahiz Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari ezberdinekin 3 ikuspegi hauetatik: eskualde posizionamendua, mugikortasuna eta industria azpiegiturak.
- Enplegu Inklusiboa: Zaurgarritasun egoeran aurki daitezkeen herritarren laneratzea erraztuko duten prestakuntza-laneratze ibilbideak abian jarri dira, eta sentsibilizazio zein bitartekaritza ekintza ezberdinak egin dira eskualdeko eraikuntza, soldadura eta zaintza sektoreetako enpresekin elkarlanean.
- Talentua Erein, Erakarri, Fidelizatu: Eskualde mailan talentua erein, erakarri eta fidelizatzeko helburuz, eragile ezberdinekin elkarlanean (enpresa, ikastetxe, erakundeak, enplegua eta beste eragile batzuk) hainbat ekintza landu dira.
Amaitu aurretik, guneen proposamenak azaldu dira elkarlan berriak abian jartzeko eta aurrera begira IB Sarea Kontseiluari dagozkion hurrengo ekintzak ere aurkeztu dira.