Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo ospatu zuen ‘Re-Think Industry’ ekimenaren hirugarren edizioan, 550 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten, eraldaketa digitala, jasangarritasuna, belaunaldi erreleboa eta enpresa proiektuen hazkundea jorratuz. Horien artean aipatzekoa da Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentzia zein eskualdeko hainbat enpresetako ordezkarien partehartzea.
Eider Mendoza diputatu nagusiak azpimarratu zuen etorkizuneko erronken aurrean enpresa txiki eta ertainen laguntzak indartuko direla.
Jardunaldian eraldaketa digitala, jasangarritasuna, belaunaldien arteko erreleboa eta enpresa proiektuen hazkundea jorratu ziren. Foru Aldundiak 2024an garatu dituen programen artean, Gipuzkoa Digitala, zibersegurtasuna, trantsizio ekologikoa, enpresa-proiektuen ondorengotza eta hazkundeaz hitz egin zen, guztira 6,3 milioi euroko laguntzak eskainiz.
Jardunaldia Kursaalean egin zen, eta bi ponentzia nagusi izan zituen, Andrés Rodríguez-Pose (Geografia Ekonomikoaren arloko akademiko ospetsua), eta Javier García-Cogorro (gaixotasun ultra arraroetarako terapia aurreratuak garatzen dituen Columbus Venture Partners fundazioaren bazkide sortzaile eta idazkari nagusia), Gipuzkoako industria eta berrikuntza etorkizunari buruzko ikuspegiak partekatuz.
Era berean, Gipuzkoako eragile ekonomikoekin batera landutako programa baten bidez, lau mahai-inguru nagusi egin ziren, eta bertaratutakoek lurraldeko enpresa erreferenteen jarduna bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten, kasu arrakastatsu horien ikaskuntza beren ibilbide partikularrean txertatuz. Gipuzkoako beste hainbat eskualdetako enpresez gain, Urola Erdiko enpresei dagokienez, Ekintza Mekanizatuak, Domusa eta Bieleko ordezkariek eraldaketa digitala & zibersegurtasuna, trantsizio energetikoa eta enpresa hazkundearen inguruan izandako esperientziak aurkeztu zituzten.
Ane Insausti Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak jardunaldia itxi zuen, eskerrak emanez hori ahalbidetu duten pertsona eta eragile guztiei.