Txertatu Merkatuan programan parte hartu zuten 16 ikaslek azken fase teorikoa izan zuten ostiral goizean. Eskualdeko oinarrizko prestakuntza duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako programa izan da eta sei azpeitiarrek, Aizarnazabalgo batek eta Azkoitiako bederatzik hartu dute parte. Ostiralean beraiekin izan ziren Agustin Lizarralde zinegotzia Javier Zubizarreta Azkoitiko Alkatea eta Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea. Parte hartzaileek beren bizipenak eta programaren nondik norakoak azaldu zituzten.
Azaroan hasi zituzten saioak, eta lehen 32 orduetan, ‘Egokitu’ deituriko fasean motibazioa landu zuten. Ondoren, 50 orduko trebakuntza saioak jaso zituzten. Ikastaro praktikoak egin zituzten, eta horretarako bi perfil desberdinetan banatu ziren ikasleak: garbiketa eta administrari laguntzailea. Behin fase teorikoa amaituta, nahi eta ahal duenak praktikak egingo ditu enpresa edo erakunderen batean.
Parte hartzaileen arabera, programa “aberasgarria” izan da, eta “lan munduan txertatzeko bideaz gain, integraziorako zubi” ere izan da batzuentzat. Hori horrela, eta proiektuak izandako arrakasta ikusita, Iraurgi Berritzen Txertatu Merkatuan proiektuaren bigarren edizioa abian jartzeko lanetan ari da, eta martxoaren bukaeran edo apiril hasieran martxan jartzea aurreikusten dute arduradunek.