Iraurgi Berritzenen koordinaziopean, urtarrilaren 27an jarri zen martxan Hazilan programaren 2. edizioa 20 gazteekin. Horietatik hamabostek jarraitzen dute taldean, beste bostek lana topatu baitute bitarte honetan. Javier Zubizarreta Iraurgi Berritzenen lehendakari eta Azkoitiko alkatearekin batera, Agustin Lizarralde Azpeitiko zinegotzia eta Zestoako Josetxo Mendizabal alkatea gazteekin bildu dira egitasmoaren balorazioa egiteko eta haien esperientzia ezagutzeko.
Hazilan programa atal ezberdinetan garatzen da eta urtarriletik hona “Aktibatu” deritzona landu dute. Orain, eskualdeko enpresetan sei hilabete iraungo duten lan-praktikak egiten hastea tokatzen zaie.
Iazkoa izan zen lehenengo deialdia, eta Hazilan proiektuan parte hartu zuten 15 lagunetatik gaur egun 13 lanean daude.
Hazilan programaren helburua da enpleagarritasuna hobetzea eta, lan merkaturatzea erraztuz, lan munduan txertatzeko baliabideak eskaintzea.
Udal ordezkariek langabeziak eragiten dien kezka helarazi dute eta enplegu alorrean hiru herriak elkarrekin lanean jarraitzeko konpromisoa dutela gaineratu diete. “Proiektu hauetaz gain, guk enplegu zentroa indartu dugu, gure berezitasuna emanez, lana bilatzen ari zaretenongatik gertu egon nahi dugulako”, esan du Zubizarretak.