Turismoaren arloan lan egiten duten hainbat erakundetako ordezkariek bilera egin dute berriki Loiolako Santutegian, Azpeitian.
Topaketaren helburua izan da ikasturte honetan egindako aurrerapenak ebaluatzea eta lankidetza berriak aztertzea, Loiola tokiko eta nazioarteko turismo-helmuga erreferente bihurtzeko. Bere berezitasuna nabarmendu da, balio monumental, kultural eta espiritualak batzen dituen lekua delako, eta eskaintza hori bisitariari harrera integrala eskaintzen dion estrategia bateratu batean txertatzeko proposamena egin da.
Bilera horretan parte hartu zuten Loiolako Santutegiko ordezkariek (Jesusen Konpainia), Iraurgi Berritzen garapen eta berrikuntza agentziako kideek eta Deustuko Unibertsitateko ordezkariek. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza bat ere bertaratu zen, Azahara Domínguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Libe Otegi Turismo Departamentuko zuzendariak gidatuta.
Loiolako Santutegiaren eta Iraurgi Berritzenen arteko lankidetza jarraitua izan da denboran zehar, 2024aren amaieran lan-talde egonkor bat sortu zen arte, Deustuko Unibertsitatea ere batu zelarik, aurretik helmuga turistikoarekin lotutako hainbat proiektutan parte hartu izan duen erakundea.
Talde honen helburua da Loiolako ingurune turistikoa elkarrekin lantzea, erakunde bakoitzaren ezagutza eta ikuspegia bere jarduera-eremutik abiatuta integratuz.
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako bilerak aukera eman zuen talde-lanaren lehen emaitzak aurkezteko eta foru erakundearen parte-hartzea aztertzeko lankidetza-dinamika honetan.
Urte honetan garatutako jardueren artean nabarmentzekoa da Loiolako inguruko turismo-seinaleztapenaren berritzea. Seinale bertikal zaharrak kendu eta edukia eguneratua duten totem berriak jarri dira, eta Santutegiaren esplanadan kokatutako informazio-panela ere berritu da.
Interbentzio honen aurretik, seinaleztapen-sistemaren diagnostiko zehatza egin zen, dauden gabeziak eta hobekuntza-aukera nagusiak identifikatuz, inguruko seinaleztapenaren egokitzapen integrala bermatzeko.
Euskarri berriek, Santutegiari buruzko informazio erabilgarriaz gain, QR kode bat dute, loiolabailara360.com webgunera sartzeko. Gune horretan bisita birtualak egin daitezke bai Santutegira, bai Azkoitia eta Azpeitia udalerriek osatzen duten Loiola Bailara-ko ondare kulturala ezagutzeko.
Bereizmen handiko argazkilaritzari eta 360 graduko teknologiari esker, bisita birtualak xehetasun handiz erakusten du ingurune honetako ondare aberastasuna, bisita presentziala osatzeko baliabide bikaina bihurtuz.
Inaziotar Bidea bultzatzea taldeak landutako beste gai bat izan da. Bere nortasuna sendotzeko eta ezagutzera emateko asmoz, irteera-errituala edo protokoloa diseinatu da.
Protokolo hori informazio-txartel batzuetan jaso da, eta ibilbidea hasten duten erromes guztiei banatuko zaizkie. Txartel horiek erromes-txartelean txerta daitezke edo erromesek erabiltzen dituzten Inaziotar Bidearen gida-liburuetan orri-markatzaile gisa erabili.
Ekintza xumea, baina erromesaren esperientzian eragin positiboa izan dezakelakoan burutu da.
Informazio euskarri berri hauek eta aurten abiatutako erakundeen arteko lankidetza-dinamika ikusgai jartzeko balio izan zuen bilkurak.







