Udako turismo jardueraren balorazio positiboa eskualdeko turismo bulegotik

2017-09-22

Iraurgi Berritzenek kudeatzen duen turismo bulegoak (Loiolako Santutegia) 2016ko udako datuei eutsi ahal izan dio 2017an atzerritik etorri diren turistei esker.

Uztailak 1 eta Abuztuak 31 bitartean, iTourbask euskal turismo bulegoen sareak denboraldi altua bezala markatua duen denboraldian, 8.461 bisitari turista hartatu dira Loiolako turismo bulegoan.

Horietatik 612 (%7) EAEko jatorria duten egunpasa etorri direnak, 4.580 (%54) Espainiar Estatuko jatorria duten turistak, eta 3.269 (%39) Atzerritarrak.

4.187 (%49) turista independiente edo bere kabuz bidaiatzen duena izan da, eta beste erdia (4.274) taldean antolaturiko bidaian etorri dena.

2016arekin alderatuz, kopuru totalean esanguratsua ez den jaitsiera bat izan da (308 turista, %3), baina tipologian aldaketa bat nabaria izan da. Egunpasako bisitaria (EEAko jatorria) jaitsi eta aldiz turista atzerritarra, taldean nahiz bakarka igo. Esan Gipuzkoa -Donostiako tendentzia izan dela honakoa.

Datu hotzei begiratuta 2016ko zifratan gabiltza, eta 2016a errekor urtea izan zela kontutan hartuta, ez da txarra.

Atzerritarren igoera datu positiboa da oso, bai taldean eta, batik bat, norbanaka etorri direnen igoera. Kanpoko errentetan oinarritutako kontsumoa da hau, edozein jarduera ekonomikorako giltzarria.

Beste datu batzuk

Uda sasoian eta norbanako turisten artean bereziki gehien egiten den jarduera touring edo turismo orokorra da; hau da, kotxea garraiobide harturik herri eta txoko desberdinak patxaran bisitatu, beren kabuz kaleetan paseatu, taberna nahiz jatetxetan zerbait hartu, museo, eliza eta eraikin esanguratsuetara sartu. Eskatzen duen informazioa eta hartzen duen material turistikoa jarduera hori betetzen laguntzekoa izaten da, hala nola:

  1. Urolako mapa berria: itxura erakargarria du, eta atentzioa ematen duenez, asko banatu da. Eskualdeko herri eta txoko desberdinetara turistak barreiatzeko balio izan duelakoan gaude.
  2. Azkoitia eta Azpeitiko planoak: oso erabilgarriak dira bi udalerrietara iritsi, non aparkatu, non jan, zer bisitatu e.a. azaltzeko.
  3. 5 Geltoki Historian: produktu honen jomugako publiko nagusia (euskaldunak – txangozaleak) jaitsi egin den arren, produktuak sekulako harrera izan du espainiarren artean, eta ia eskuorri guztiak agortu zaizkigu.
  4. Hiru tenpluen ibilbidea: batik bat Donostiako bulegotik edo kostako turismo bulegoetatik (Zumaia) bueltan etorri denak eta taldeen interesa pizten duena.
  5. Izarraitz: bulego gainean jasotzen den harritzarrak duen erakargarritasunagatik eskatzen dute askok; eta gero eta gehiago dira mapa hartu eta mendikatean barneratzen diren turista atzerritarrak. Batik bat inguruko landetxe eta hoteletan ostatu hartuta dauden turista atzerritarrak izan dira.

Taldean dabiltzanak, aldiz, Loiolako santutegiko eskuorriak eta Gipuzkoako liburuxkak eramaten dituzte; besteen artean, oroitzapen gisa gehiago momentuan erabiltzeko baino.

Eskualdeko okupazio mailari dagokionez eta alojamendu saretik jaso dugun laginean oinarrituta, azken urteotako tendentzia mantendu da; hau da, uztailean okupazio maila onak (%65 bataz beste) eta abuztuan ia beteta (%90tik gora). Balorazio positiboa egiten dute, oro har; nahiz eta nabarmendu urtea luzea dela eta udararekin bakarrik ez dagoela errentagarritasunik alojamendu batentzako. Bat egiten dugu guztiz baieztapen honekin eta urte osoan turismo fluxuak erakartzeko lanean jarraituko dugunaren konpromisoa berrestu.

Udalerrietako eragile desberdinen aldetik (turismo eta informazio puntuak, ostalaritza, herritarrak…) turista mugimendua sumatu dela baieztatu digute; eta, zenbait kasutan, nabarmena izan dela berauen presentzia kaleetan mapak eskuan, batik bat abuztuko opor egunetan, herritarren faltan turistak ikusi direlako. Hala nola ,eta baieztatu digutenez, Azpeitiko parrokian, Azkoitiko elizan bisitetarako zabalik egon denean, taberna eta terraza desberdinetan, Zestoako turismo bulegoan e.a.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia