Urola Erdiko ETEek erabilgarri dute jadanik Hazinnova ekimen berria, Iraurgi Berritzenen eskutik berritzen has daitezen

2019-07-16

Urola Erdiko 100 ETEk (6-99 langile bitartean dituzten enpresei eta aurretik berrikuntza-jarduerarik egin ez dutenei) erabilgarri dute dagoeneko Iraurgi Berritzenen eskutik Hazinnova zerbitzu berria.

SPRI Taldeak eta Innobasque-Berrikuntzako Euskal Agentziak joan den martxoan abiarazitako ekimen horrek 30 bat proiektu inguru jarriko ditu martxan Urola Erdiko enpresa parte-hartzaileen berrikuntza- eta lehiakortasun-indizeak hobetzeko. EAE guztian, 500 proiektu garatzeko asmoa dago.

Hazinnova ekimenak 2,5 milioi euroko aurrekontua du bere osotasunean eta duela gutxi argitaratutako Europako txosten batek berretsi du ekimen honen garrantzi estrategikoa. Regional Innovation Scoreboard 2019 txostenaren arabera, Euskadik bere berrikuntzako errendimendua hobetu du azken zortzi urteotan, baina hobekuntza hori ez da nahikoa izan Euskadik Berrikuntza-maila Handiko Eskualdeen multzoan jarrai dezan, Europako batez bestekoa gehiago hazi delako proportzioan. Ahulezia handiena erakutsi dutenak ETE txikienak izan dira.

Proiektu motak eta jarduera sektoreak

Urola Erdiko enpresek gehienez bi mikro-proiektu abiaraz ditzakete urtebetean, arlo hauetako batean: ekonomia eta finantzen kudeaketa, produkzioa, logistika, barne-prozesuak, pertsonak, bezeroak eta merkatu berriak. Horrez gain, marka eta erregistroen arloko behar adina mikro-proiektu egin ahal izango dituzte. Horretarako, 50 orduko aholkularitza espezializatua eta doakoa izango dute prozesu osoan zehar, eta emaitza ukigarriekin hiru hilabetetan. Prozesu guzti honetan, gainera, enpresek Iraurgi Berritzenen laguntza izango dute Hazinnova agente gisa.

Hazinnova ekimenak lehentasunezko jarduera-sektore batzuk finkatu ditu berrikuntza proiektuen onuradun izan daitezkeen ETEentzat. Industria sektorean lehentasunezko jarduerak izango dira manufaktura, erakusketa, energia-hornikuntza eta uren eta hondakinen kudeaketa; hirugarren sektorean, aldiz, lehentasunezkoak izango dira industriarekin zerikusia duten zerbitzuak, informazio teknologiekin lotutako jarduerak, handizkako merkataritza, garraioa eta biltegiratzea, finantza jarduerak eta aseguruak.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia