IBko Kudeaketa Kontseilu berria bildu da

2019-07-13

IB Sarearen Kudeaketa Kontseilua bildu da Uztailak 11 Azkoitiko Intxausti Jauregian. Urola Erdiko Udal ordezkariek eta Enpresa, Hezkuntza, eta Enplegu eragileek hartu dute bertan parte.

Eskualdeko udaletan legegintzaldi berri bati hasiera eman ostean, kide berriak batu dira ohiko egiturara. Era berean, lehenbiziko aldiz, kontseilura enplegu eragileen ordezkaritza batu da.
Kontseiluaren helburu nagusia eskualdeko eragile ezberdinen arteko elkarlana bultzatu eta identifikatutako beharrei egitasmo ezberdinen bitartez erantzuna ematea da.

Lan bileran zehar, Iraurgi Berritzenek dinamizatzen duen eragile sarean kokatzen diren gune ezberdinen berri emateaz gain, eragileek elkarlanean abian dituzten proiektuen jarraipena nahiz proposamen berriak aztertu dira.

Lan bileraren lehen zatian, “Enpresa”, “Hezkuntza”, “Enplegua” eta “Garapena” guneetan azken asteetan egindako aurrerapenak aurkeztu dira. Era berean, gune ezberdinen artean abian diren lankidetza proiektu ezberdinen jarraipena egin da. Besteak beste, hizpide izan dira Hezkuntza arloak Enplegu arloarekin lankidetzan abian duen “Gerolan” orientazio programa, enplegu arloak eskualdeko enpresen enplegu beharrak asetzeko abian duen bitartekaritza zerbitzua edota Izarraitz Lanbide Heziketak, langabetuei zuzenduta eta eskualdeko enpresa ezberdinekin lankidetzan, kontratazio konpromisoarekin abian dituen prestakuntza lerroak.

Kontseilukideek, lan bileraren bigarren zatian 3 gai izan dituzte aztergai. Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tokiko Garapen eta Berrikuntza agentzien arteko lankidetza izan da hizpide. Bestetik, kalitatezko enplegua eta honen adierazleen inguruan hausnartu da eta azkenik, eskualdean talentua mantendu eta erakartzeko moduak izan dira hizpide. Datozen hilabeteetan, “kalitatezko enplegua” nahiz “talentuaren sustapenean” lan lerro berriak abian jartzeko konpromezua hartu da.

Gaur egun, kontseilua honako partaideek osatzen dute: Cruz Alberdi (Sidenor), Karlos Korta (Berritek), Ana Azkoitia (Azkoitiko Udaleko Zinegotzia), Leire Goenaga (Azpeitiko Udaleko Zinegotzia), Mikel Arregi (Zestoako Udaleko Alkatea), Mª Jesus Etxaniz (Lanbide), Eduardo Sudupe (Izarraitz Lanbide Heziketa), Jon Osinalde (Azkoitia BHI) eta Iraurgi Berritzeneko talde teknikoa.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia